Gobernuaren mobbing-a

2002/04/22

1980 urteko legeak langabeziaren babesa erabat murriztu bazuen, ordutik hona egin diren erreformen bidez okerrerako joera hori areagotu egin da. Kontraesankorra da, benetan, krisiaren ondorioz langabezia hedatzearekin batera langabeziaren babesa murriztu egin baita. Honek argi eta garbi adierazten du azken hamarkadetan gobernu espainolen xedea zein izan den: langabetuek gastu publikoan zuten eragina gutxitzea.

Gobernu horiek langabeziaren aurkako borrokan kale eginagatik, beste zerbait lortu dute: lanik gabe daudenek jasotzen duten diru-kopuruak aurrekontu publikoetan duen eragina gero eta gehiago apaltzea.

Honelako jokabideak ondorio larriak ditu: lehenengoa, langabetuen erdia baino gehiago Inemen inolako babesik gabe geratzea; bigarrena, lehena bezain larria, gobernuek enplegua sustatzeko politika alde batera uztea. Izan ere, ortodoxia neoliberalaren aginduei men eginez lehentasuna aurrekontuen oreka eta gastu soziala arintzeko asmoari ematen zaionean, bost axola dio administrazioari aurrekontu horietan eragin gutxi duen langabetuaren egoerak.

Beraz, diru-laguntzarik jasotzen ez duten langabetuak ahazturik, Aznarren gobernuak Inemengandik laguntza jasotzen duten langileak jarri ditu jomugan. Hauen jazarpena gogortzeko tresnatzat uler daitezke proposatzen ari den neurriok.

Alferkeriaren susmagarri unibertsal bihurtuz, PPren gobernu eskuindarrak langabetuekin hain gaurkoa den mobbing modukoa egin nahi die, han eta hemen etengabe zirikatu eta bizitza jasangaitza eginez. Onartu ezin diren baldintzak medio kale egiten duenari langabezi-saria, hots, zor zaion eskubidea ukatu edo berau jasotzeko oztopoak ipiniaz.