Gorka Vierge: "Multinazionalek akatuko gaituzte?"
Kasik planeta osoa mendean hartuta daukaten multinazionalek zabaldu duten mezu zorrotzek harrera ederra izan dute euren burua aurrerakoiatzat hartzen duten gure inguruko hainbat alderdi, erakunde zein sindikatuen baitan. Horrela, ez zaigu bitxia suertatzen ustezko ezkerreko erakundeetan militatzen duten lagun batzuek behin eta berriz errepikatzen dizkiguten lelo pozoinduak entzutea, hala nola langileok lehiakorrak zein malguak izan behar dugula, eraginkorrak, ugazaben esanetara men egin eta otzantasunez bete beraiek agindutakoa, besteak beste.
Gaur egun Euskal Herriko lurraldeetan kokatuta dauden multinazionalek gure herriaren egunerokotasunean eragin itzela dutela aitortu behar dugu eta iritzi da une bat non etsipenez hartzen dugun multinazional hauetako eledunek gure aurrean batere heraberik gabe eta erdeinuz botatzen dituzten mehatxuak. Izan ere, Volkswagen, Gamesa, Caballito, Babcock edo hamaika entrepresetako zuzendariek, langileek bi mendeetan zehar nekez irabazitako eskubideak bertan behera uzteko agindua sarritan zabaldu dute euren faktoriak beste eremuetara eramango dutelaren xantaiarekin.
Horrela, indarrean oinarritutako bidegabekeriazko lan merkatu bat finkatu nahi dute non beraiek ikaragarrizko dirutza metatzen duten bitartean gero eta langile gehiago, bereziki gazteak eta emakumeak, premia gorrian murgilduta geratzen den bere bizitza hagitz baldintzatua ikusten dutelarik.
Gure agintarien babes saihestezinarekin batera neoliberalismoak azkeneko hamarkada hauetan zuzendu duen eraso bortitz honen aurrean, ezkerreko erakundeen erantzuna oso urria izan da eta herri xumeari iruzur itzela egin diote. Izan ere, Ongizate-Estatua urratzen dutenen aurrean kementasunezko jarrera bati eutsi ordez ugazabekin adeitasunezko harremanak ezartzeari ekin diote horretarako gaur egungo eta etorkizuneko langileen bizi baldintzak saldu dituztelarik.
Halaere, ez dagokigu guri gerra hau galdutzat ematea. Aitzitik, langileen eskubideak murriztuko dituen ekaitza datorrela aurreratzen diguten hodei beltzak buruaren gainean kokatuak izanagatik, gure artean ere badira eredu politak itxaropentsu izateko zergatiak ematen dizkigutenak. Hortaz, sindikatu abertzaleen arteko batasuna lekutan dagoen arren, harrotasunez erreparatzen diogu sindikatu horiek zein gazte mailako erakunde indartsu batzuek egoera hau iraultzeko ilusioa ereiten ari diren eta maiz irakurtzen ahal dugu egunkarietan Euskal Herriko lantoki aunitzetan jendartea duintasunez antolatzen dela eta aurre egiten diela lan baldintza kaxkarrak ezarri nahi dituztenei. Egia da, arerioaren indarra eta baliabideak ez direla gaueko ahuntzaren eztula eta borroka batzuek ez dutela aurreikusitako uzta erdietsi baina, egia da ere ez dela sekula santan izan borrokarik gabeko garaipenarik. Horrela, ondo antolatutako lekuan lekuko borrokak abian jartzea bide bakarra delaren ezbairik ez dago.
Hainbatek ez du aintzat hartuko jokabide hau eta zaharkitua dagoela argudiatuz errefusatuko du, baina honen aurrean egi ezeztaezin bat aurpegiratuko diegu; gure baitan eraikitzen ari den gizartea ez dugu gogokoa eta eskubidea baino gehiago betebeharra bilakatu zaigu errealitatea ahal dugun heinean baldintzatzea. Gure indarrak zeintzuk diren ahaztu barik baina aldi berean inongo helbururik baztertu gabe.
Gorka Vierge