Greba luzearen amaiera pozgarria (Astekaria 140, editoriala)
Amaitu da, azkenik, Gipuzkoan hilabete eta astebete iraun duen eraikuntzako greba. Poztekoa da albistea, tentsio egoera baretu eta askorentzat "greba-kutxa kobratuagatik ere" lanik ez egiteak dakarren zuloa bukatu egingo baita (inork ez du greba egitea arinkeriaz edo gustoz erabakitzen). Baina, era berean, poztekoa da ere gatazka langileen interesen ikuspegitik aski ondo burutu izana: soldata-igoera, gaixoaldi edo bajaren ordaina eta beste zenbait puntutan emaitza ona lortu da.
Eraikuntzako greba hau azpimarratzekoa izan da, halaber, izan duen iraupen luzea gorabehera ia azken uneraino batasun sindikalari eutsi zaiolako. Baina batasun hori ez da nominala izan, eta asmoa ez zuen emaitza edozein zela ere hitzarmena sinatzea, gutxieneko helburu batzutan oinarrituta baitzegoen; horrek berebiziko indarra eman dio grebari.
Noski, negoziazio-mahaitik at gertatu dena "ELAren ordezkari batek bere sindikatuari eta gainontzeko grebakideei ezkutatuz Adegirekin akordio bat sinatu izana" nahasgarria izan da, ez du bat ere lagundu, baina ELAren jokabide irekiak eta beste sindikatuen eta sektoreko langileen zentzuzko jarrerak posible egin du taxuzko akordiora iristea.
ELA saia zitekeen sasi-akordio hori ezkutatzen, beste nolabait jokatzen, baina hori langileei iruzur egitea izango zatekeen, eta sindikatuan inola ere onargarri ez den jokamolde bati babesa ematea esan nahiko zukeen ere. Sindikatuak nahiago izan du beste sindikatuen, langileen eta iritzi publikoaren aurrean aurpegia eman, gauzak nola gertatu diren azaldu eta zegokion ardura bere gain hartu. Eta gure afiliatuek, baina baita sektoreko langileek eta beste sindikatuek ere oro har "baten bat bazterrak nahasten saiatu baita" eskertu egin dute aurpegia eman eta gauzak argitu izana. Guztion borondate on horrek ekarri du, azkenean, 37 eguneko borrokaren amai arrakastatsua.