Grebaren beharra

2009/05/11
Behin eskubideak galduz gero, nekez berreskuratzen dira. Aurreko beste krisi batzuk ikusita dauzkagu, eta badakigu zertarako erabili dituzten. Krisi bakoitzetik galduan atera gara: aberastasunaren gozopiletik zati txikiagoa geratu zaie lan-errentei, gizarte-estaldurak eskasagoak... Greba orokorra egiteko arrazoiak hortik datoz: erasoetatik babes kolektiboa egin behar dugu.

Ikus dezagun arazoa puntuz puntu. Beste herrialde batzuetan baino askoz enplegu gehiago suntsitzen da hemen, kanpoan adierazle ekonomikoak okerrago badituzte ere. Patronalak dioena ez da benetakoa, langileak kaleratzea oso erraza da, "Espainiako lan-ereduak" bide zabala ematen baitu. Lan Zuzenbidea higatu dute, erabat eraldatu arte, patronalari nahi zuena emateko: eskulan merkea eta aise kaleratzekoa. “Eredu” horri esker langileen ia herenak (haietako asko lege-iruzurrean egindako kontratuekin) kalera joaten dira, behin-behineko kontratua "amaitu" dela dioen abisu soila jaso eta gero. “Eredu” horri jarraiki Gobernuak EEE guztiak baimentzen ditu. Ondorioa: Langabezia ugaria eta estaldura sozial urriak. Hiru langabeetatik batek ez du prestaziorik kobratzen, eta hori pobreziarako sarbidea da.

 

Egoera latz horrek artez galdegiten digu ea zein mailatako gastu soziala dugun gizarte-beharrizanei aurre egiteko, eta gure gizarteak ea zein mailatako elkartasuna duen hori guztia fiskalitate bidez finantzatzeko. Bada, hazkunde ekonomikoko 15 urte izan ondoren, eta enpresek etekin itzelak metatu ondoren, Hego Euskal Herriko gastu soziala eta presio fiskala txikienetarikoak dira Europako Batasunean. Benetako politikek, Ekonomia Ituna dela-bide, mesede egin diete errenta handiei, bai tratamendu fiskal onuragarria emanez, bai pribatizazioak eginez. Azken aukera horri eutsiz, negozio pribatu ederrak egin dira jendearen beharrizanen kontura.

 

Politika horiek guztiak gobernatzeko aukera duten alderdi politikoekin ados jarrita egin dira. Botere ekonomikoari axola zaizkion gauzetan denek jokatu dute berdin. Inguratzen gaituen krisia ez da gertatu “gizartearen porrot kolektiboagatik”. Ezta gutxiagorik ere. Kapital-metatzea eta espekulazioa bultzatu dituzten politiken porrotagatik daukagu daukagun krisia. Eta, hala eta guztiz ere, ez dituzte aldatu nahi. Ez da inor ausartzen aurka egitera benetan agintea duenari: Kapitalari eta enpresei. Finkaturiko pribilegioak ez dituzte zalantzatan ikusi nahi, zeren orain arte asko irabazi badute, are gehiago irabazi gura dute aurrerantzean. Hortik ondorio bat atera behar dugu nahitaez: Gobernuek eta beren politikek gu bakarrik utzi gaituzte gure interesak zaintzen.

 

Arrazoi gehiago daude Greba Orokorra egiteko. Patronala, ezein gobernuk ukatzen ez dion pribilegio-estatus horretatik, berraztertzen ari da hitzarmenetan jasotako eskubideak. Hala egin zuen 1992an eta 1993an, orduan eskala diskriminatzaileak sartu zituen -bikoitzak eta hirukoitzak-. Patronalak abagunea ikusi du (beldurraz baliatuz bere alde egiteko), eta lan-baldintzen aurka hasi da: hitzarmenak berraztertu beheranzko ikuspegi batetik, soldatak jaitsi, lanaldiak luzatu, malgutasuna areagotu, enplegu finkoaren ordez enplegu prekarioa sartu... Patronalak -beti bezala, eta oraingo honetan ere bai- bere interesak zainduko ditu, eta egoeraz baliatuz lan-baldintzak okerragotu nahi ditu. Jakin badakite soldatek ez dutela zerikusirik gertatutakoarekin, baina ez da arrazoi-kontua, indar-kontua baizik.

 

Patronalaren asmoa onartezina da. Enplegua galdu eta babes sozial urriaren pean geratu, lan-baldintzak okerragotu... horiek izan dira gure orain arteko ordainak. Baina zergatik ordaindu behar dugu guk guri ez dagokiguna? Patronalak bere erara azaltzen ditu gauzak, baina sindikatuak alderantziz azaldu behar ditu; guk diogu: soldatak jaisten badira, lanpostu gehiago galduko dira. Eta halaxe da.

 

Ekonomiaren gaineko eztabaida ez dago mugaturik adituentzat bakarrik. Interes hutsa da, askotan desitxuratua. Baina langileok gure interesak ditugu. Eta ez datoz bat patronalaren interesekin. Ezta “gizarte-elkarrizketa”rekin ere. Horren izenean egin dira horrelako politikak, finantzaketaren trukean, sindikatuak aurrekontu publikoari lotzearen trukean, askatasunari uko eginda. Hankasartze handia izan da, gure ikuspuntutik. ELAk ez du horretan parte hartu, eta ez du parte hartuko. Izan ere, horrelako foroak sortzeko arrazoia sindikalismoa berezko duen zereginetik apartatzea izan da, eta funtsezko zeregin hori ez da besterik hau baino: Langileak antolatu eta borroka egin. Foro horietako "gizarte-elkarrizketa"ren muga aliantza batean dago, hots, patronalaren eta gobernuaren arteko aliantzan. Patronalak badaki Gobernuak emango dizkiola eskatzen dituen guztiak: zerga-beherapenak, prekarietate gehiago, lan- eta zerga-iruzurrarekiko tolerantzia osoa, kotizazio-beherapenak, dirulaguntzak, pizgarriak... Sindikalismoak sostengua ematen badio guzti horri, bere nortasuna galduko du.

 

Nork dio ez dagoela arrazoirik greba orokorra egiteko? Alderdiek beren buruei babes korporatiboa ematen diete; eta patronalak, inork zalantzarik ez egiteko, bere helburua argi utzi du: ondo konpontzea gobernuekin. Gobernuetan dagoen alderdia zein delarik ere, patronala... beti gobernuarekin bat, eta gobernua patronalarekin bat. Horra hor, haustezinezko fideltasuna.

 

Greba orokorra, zilegi ez ezik, jasotzen ditugun erasoen neurrikoa ere bada. Sindikatua ez dago akta jasotzeko eta beste alde batera begiratzeko. Greba orokorra egiteko deialdia zabaldu dugu, horren beharra ikusi dugulako. Eta egingo dugu. Grebaren bitartez haize berria emango diegu enpresetako lan-baldintzei, erreferentziak borroka kolektiboari, eta elkartasuna negoziazio-esparruei. Borroka hori gogorra izango da, eta ahalegin sindikal handiak egin beharko ditugu. Eta, bestalde, politika publikoak baldintzatzen saiatu behar gara, beste gizarte-eredu bat, zuzenagoa eta solidarioagoa, ezarri ahal izateko. Guk ez diogu axolagabekeriaz begiratzen gure inguruan gertatzen ari denari. Ezin dugu onartu diru publikoaren kopuru itzelak ematea espekulazioaren errudunei; eta gastu soziala, ordea, handitu nahi ez izatea. Gogorregia da guk, besterik gabe, jasan ahal izateko.

 

ELAk hilabeteak daramatza kanpaina eginez jendea jakinean jartzeko, sentiberatzeko eta mugiarazteko. Mobilizazioa ezinbestekotzat jotzen dugu. Gure garai honetan batzuek erabaki maltzurrak hartu izan dituzte: langileen eskubideak inausi, arlo publikoa deskapitalizatu, aberatsei zergak jaitsi, eta denon ondarea ustiatu bakan batzuen mesedetan. Sindikalistok ondotxo dakigu nekez berreskuratzen direla eskubideak, behin galduz gero. Greba orokorrean zuzenean parte hartuko duzuelakoan gaude.

 

Adolfo Muñoz “Txiki”