Gu, bagoaz

2002/06/21

Hori da euskal langileriaren gehiengoak ekainaren 19an Aznarri esan diona. Gu bagoaz, ezin baitugu ezer espero, ez langile, ez herri garen aldetik ditugun eskubideak zanpatzen dituen estatuarengandik.

Estatuaren politikari buruzko gure iritzia ez da, noski, oraingoa. Euskal sindikalismoak Madrilen politikari buruz sarri egin izan ditu salaketak eta ekimenak, baina ekainaren 19a hori baino gehiago izan da.

Euskal sindikalismoak Aznarren erabakien aurkako greba orokorrarekin ez du lan-harremanen esparrua galdegiten; aitzitik, bere azterketa eta erantzuna abian jarriz esparru hori egituratzen ari da.

Beraz, gure bidea egiten hasi gara, oraindik ere Madrilera begira dauden ‘nazionalista’ omen direnei gure aukera zentzugabea iruditu arren. Eta bidea egin ahala gure aukerak aintzat hartzen hasi gara.

Oraindik gure etorkizunaren giltza estatuak duela uste dutenek beude estatuari begira. Guk, geure aldetik, gure bidea erabaki dugu, eta bagoaz.