Gure esperantza, mobilizazioa
Etengabe errepikatzen digute guk ere gure ekarpena egin behar dugula, “guztiok ontzi berean” omen goaz-eta. “Batera” joan behar omen dugu, legearen poderioz eskatzen duten guztia lortzen dutenak (kapitala) eta horren ondorioak pairatzen ditugunok. Hots, esaten ari zaizkigu “arduraz jokatzeko”, “bake soziala” sinatu behar dugula. Baina ELAk ez dio bide horri jarraituko.
Laster garrantzi handiko hiru gauza gerta litezke euskal esparru politiko, sozial eta sindikalean. Lehena, Aburto sailburuak iragarri duen Elkarrizketa Sozialeko Mahaia. Bigarrena, patronalarekin itxitako balizko Lanbidearteko Akordio bat. Eta hirugarrena, berriz, greba orokor bat.
Soziala den guztia txikitzeko operazio honi “elkarrizketa sozial” deitzea zentzugabekeria bat da. Zein izan dira Lopezekin, Barcinarekin eta Zapaterorekin lortu diren emaitzak? Langabezia, txirotasuna eta desberdintasuna areagotzea. Murrizketa sozialak, erreforma latza, zerga-politika injustua, egoera laboral gero eta okerragoa, arlo publikoko negoziazio kolektiboa bertan behera uztea... Zer geratzen da elkarrizketa sozialetik, hori guztia kenduz gero? Ezer ez. Eta hori horrela bada... Zein da mahai horien inguruan esertzeko arrazoia? Oso erraza, parte hartzen dutenek jasotzen duten finantziazioa. Gauza bat nabarmena da: kapitalak eta gobernuek langile-klaseari axola zaion guztia mahai horietatik kanpo erabakitzen dute.
Gobernuek, honek eta aurrekoak, badakite hainbat erakunde sozial -sindikatu batzuk barne- aurrekontu publikoetatik bizi direla. Badakite, eta ahulezia estruktural horretaz, finantz-autonomia ezaz, baliatzen dira haien babesa lortzeko. Aburtok esan du elkarrizketa soziala izango dela, eta “mahaietara nahi duena joango” dela. Sailburuari zuzenketa bat egin behar zaio: Ez da elkarrizketa sozialik izango, mahai horiek bildu aurretik dena erabakita baitago. Elkarrizketa soziala gobernuek hondatu dute, patronalari eskatzen duen guztia emanda. Eusko Jaurlaritzak mahai horiekin aurrera egin nahi badu helburu jakinak ditu gogoan: bere politikak ezartzeko babes sindikala behar du, eta hau minoria sindikalak ematen dio; baina gutxiengoa legitimatuz gobernuak joko-arau demokratikoak urratzen ditu. Bestalde, gogoratu beharra dago sarri lasterbideek ez daramatela nahi den tokira. Galde iezaiozue Lopez Lehendakariari, bestela.
Bigarrena, Lanbidearteko Akordioa (LA). 2012ko otsailean batzuk saiatu ziren honetan, baina porrot egin zuten. Nonbait baten batek ez zuen onartzen patronalak ezarri nahi zuen “derrigorrezko arbitrajea”. Urtebete geroago, Rajoyk horixe eman dio patronalari. Azken erreforman “derrigorrezko arbitrajea” ez zen oso argi definitu: Testu haren arabera, autonomia-erkidegoei zegokien hitzarmen kolektiboak aplikatzen ez diren kasuak ebazteko batzordea eratzea. Orain, berriz, PPk Pentsioen Erreformarako Errege-Dekretua baliatu eta ezarri du autonomia-erkidegoek batzorde hori hiru hilabeteko epean arautu ezean Madrilek erabakiko duela hitzarmenak ez aplikatzeko auzi hori. Confebask pozarren dago.
ELAk ez zuen LA haren negoziazioan parte hartu, eta azaldu zuen zergatik. Patronalari esan genion bagenekiela, batzuen eta besteen adierazpenen arabera, Rajoy prestatzen ari zen erreformak goitik behera aldatuko zuela ordurarte ezagututako negoziazio kolektiboaren araudia eta, zinez, demagogia merkea zela ezer hitzartzea, gero erreformak hustu egingo baitzuen. Esan bezala gertatu zen; erreforma egin zuten, eta oso gogorra izan zen. Legeak, areago gaurko egoeran, abaila bizian moldatzen dituzte patronalaren eskarietara. Arbitrajeari dagokionez, patronalak LA saio hartan sindikatuei irabazi ez ziena gobernuarengandik jaso du orain: A zer jokalari koadrila, patronala eta gobernuak!
Zer egingo du Eusko Jaurlaritzak PPren aldaketa honen ostean? Nahiago ote du arbitrajeak Madrilek erabakitzea, Nafarroan gertatzen den moduan? Oztoporik jarriko al du euskal hitzarmenak desagertzea galarazteko? Hitzarmenen inaplikazioei buruzko “euskal” batzorde bat eratzeak, Madrilgo ereduari jarraitzekotan, ez dauka zerikusirik Lan-Harremanetako eta Babes Sozialeko Euskal Esparruarekin. Gaur arte gauza bat ikusi izan dugu: Eusko Jaurlaritzak, aukera zuenean ere, patronalari ez dizkio sekula espainiar legeetako baldintzak baino okerragoak ezarri. Aburtok derrigorrezko arbitrajeari benetako oztopoak jarriz gero, ELAk aintzat hartuko dio.
Orain, erreformaren ostean, esatea LA batek hitzarmen sektoriala “blinda” dezakeela ez da egia. Egia ez den bezala sektoreko hitzarmenak enpresetan aplikatzeko derrigorrezko minimoa izango direla. ELAri aurpegiratzea “langile asko hitzarmenik gabe” uzten dituela tentelkeria da. Demagogia horrek ez du konpontzen erreformak gaiztotu duen arazoa: patronalak negoziazio kolektiboan duen kontrola. 2012ko martxoko greba orokorra ez al genuen, bada, erreforma laboralaren aurka egin bere xedea jende asko hitzarmenen babesik gabe uztea zelako?
Beraz, erreformak enplegua erraz eta merke suntsitzeko egin dira, soldatak jaitsi arazteko eta gure defentsa kolektiboa ahultzeko. Erreforma gehiago egingo ote dute? CEOE beste baten eskean dabil, azkenekoa “eskas geratu” omen baitzen. Eta Bruselako ultrek erreformak beste koska bat estutzea nahi dute. Kontuz, gero. Grezian negoziazio kolektiboko eskubidea bera deuseztatu dute. Zer dio ELAk? Negoziazio kolektiboa indar-erlazioaren arabera bilakatuko dela, lantoki bakoitzean iristen den sindikalizazio mailaren arabera, alegia. Antzeko erreformek beste herrialde batzutan izan dituzten eraginak ikusirik, ELAk ondorio bat atera du: gure klasearentzat baliagarri izan nahi badugu, lehentasun bat daukagu, antolakuntza. Enpresetako oinarri sindikala finkatu behar dugu. Langileak antolatzea ezinbesteko oinarria da ekintza sindikala egiteko. Hauxe da lantoki bakoitzean jorratu beharreko gaia. Ezin da jokatu azken erreformak egin ez balituzte bezala.
Hirugarrena, maiatzaren 30eko greba orokorra. Gure esperantza gizartearen mobilizazioan dago jarrita. Ez dago zalantzarik. Mobilizaziorik gabe ez dugu ezer lortzen. Izatekotan, politika horrela etorriko da bere onera. Mobilizatzea arduraz jokatzea da. Inposizioei etsipenez eta jarrera akritikoaz amore emanez gero, ondorio bakarra totalitarismoa izan liteke. Mobilizazioa eta antolakuntza uztartu behar dira gure botere-egiturak sendotzeko. Sindikatua kontrabotere tresna gisa indartu beharra dago. Batzuk amesten zuten moketetan lortutako eragin sindikala baztertu (jakinik goraipatu egingo gaituztela bide horretatik joz gero), eta gero eta hedatuago dagoen prekarietatearen eta pobreziaren interesak gureganatu eta defenditu behar ditugu. Greba orokorra baliagarria da, oso baliagarria. Klase-borroka da, izan ere.
Amaia Muñoa
ELAko Idazkari Nagusiaren albokoa