Gure hildakoak, zuen basakeria

2024/11/06
Mirari Ullibarri- ELA
Ezer baino lehen, Valentziara besarkada bat bidali nahiko nuke: bai senideak, bai lagunak, bai bizilagunak, bai gertukoak galdu dituztenei. Jakinaren gainean egongo zarenez, hemendik 600 kilometrotara badira egun batetik bestera, etxerik, autorik, kalerik edota auzorik gabe geratu direnak. Azken batean, dakizuenez, badira dena galdu dutenak, baita bizitza ere.

Batzuk diote ezin ditugula hondamendi natural baten ondorioak eta horrekin batera, hildakoak politizatu, baina aipatu beharra dago dena dela politikoa eta Carol Hanischek esan bezala, “pertsonala ere politikoa da”. Horregatik guztiagatik, gertatutakoa edo hobeto esanda, haren ondorioak erantzunkizun politikoak dituzte.

Egia da, ordu gutxitan prezipitazioek urte osoan bildutako zenbatekoa berdindu zein gainditzen zuten. Baina egia da ere, mahai gainean alarma eta metereologia-agentzien ohartarazpenak izanda, astearte arratsalde-gau partean ehundaka pertsona beren lanpostuetan gorpuztera behartuak izan zirela. Hori bai, ez ahaztu enpresaria dela arriskatzen duena, eta Manzón bezalako politikariak direla erabakitzen dutenak larrialdi-unitateak murriztea, horren truke animalien tortura indartzeko, tauromakia diru publikoaz hornitzeko hain zuzen ere. Azken finean, berak txiringitotzat kalifikatu zituen larrialde-unitateek soilik herritarren bizitza salba zitzaketen.

Egun hauetan hiru galdera ditut buruan: Zergatik erabaki zuten bai ikastetxeak bai unibertsitateak ixtea eta ez ordea, lantokiak? Zer gertatu zatekeen ikastetxeak itxi izan ez balituzte? Zer gertatu zatekeen langileak lanpostuetara joatera behartu izan ez balituzte?

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 21.2 artikuluak adierazten duen bezala: langilearen bizitza edota osasuna arrisku larrian jartzen bada ez dago beharkotasunik lanpostura bertaratzeko. Hala ere, badirudi honako arau juridikoen multzoa hezkuntza-zuzendariek enpresaburuek baino hobeto ulertu zutela.

Pandemiak erakutsi zigun batzuentzat gehiago balio duela produkzioak gure bizitzak baino, eta DANA honek erakutsi digu Juan Roig-en irabaziek (besteak beste) gure hildakoak/haien hilketek baino balio handiagoa dutela. Langile klasea da beti zifra tragiko hauei aurpegia jartzen diona, gu gara beti lan istripuetan erailak garenak.

Izan ere, dakizuenez, in intineri gauzatzen diren istripuak lan-istripuak dira, eta, beraz, lanean ito zirenak edo laneko joan-etorrietan gertatutakoak lan-istriputzat har daitezke.

Lazgarria da baina inoiz baino argiago: kapitala vs. Bizitza.

Amaitu aurretik, aipatu nahiko nuke nik hitz hauek idazten ditudan bitartean Joanak, Mariak, Davidak… maite dituzten pertsonen bila jarraitzen dutela, baina aldi berean, Vicenteak, Montserratak eta Carmenak han daudela laguntzeko prest. Era berean gogoratu nahiko nuke, badaudela erreklamatuak izango ez diren bizitzak: bai kalean bizi zirelako, bai isolatuak zeudelako edota bai sistema arrazista honen barruan zenbaki huts bat ere ez direlako.

Langile klasea gara zifra tragikoak jartzen dituena, etxea, lagunak, auzokideak zein maskotak galtzen dituena. Auzoa galtzetik honakoa berreraikitzeko indarra ateratzen duena ere bagara, azken batean, herriak soilik salba dezake herria.

Finalment una abraçada molt forta als països catalans, amunt València.