Gure lanabesa (Astekaria 230. Editoriala)

2007/12/05

Ez dago beste erremediorik. Edozein erakundeak, edozein eragileak eraginkorra izan nahi badu bere zereginean, antolakuntza sendo bat behar du bere printzipio eta bere ekimena behar bezala garatu ahal izateko. Uste okerra du antolaketa bera elikatzeko zurrunbiloan murgildurik dabilenak, helburu eta jomuga bakartzat jotzen badu berea indartzea bere oinarri, printzipio eta izateari bigarren mailako kokagunea emanez.

Zaindu eta indartu behar den tresna da antolakuntza. Norberaren interesak garatu eta bideratu ahal izateko ezinbesteko lanabesa da, beti ere bakoitzak dituen asmo estrategikoen zerbitzura jartzen bada. Beraz, azken helburua bilakatu gabe, antolakun-tzarik gabe ezin daitezke uztartu diskurtsoa eta praxia, hutsala eta sinesgaitza bihurtzen baita jarduna.

Etengabeko hausnarketa, berrikuspena eta zuzenketak eskatzen ditu antolakuntzak. Dinamikoa ere behar du izan, errealitateak eskatzen dituen egoeretara azkar egokitu ahal izateko. Guztiz olioztaturik izatea ere nahitaezko baldintza da, eraginkorra izan nahi badu behintzat. Edozein liburu-gidak deskribatzen dituen gutxienekoak dira aipatu ditugunak orain artekoan.

Badira, hala ere, behar bezalako antolakuntza eraginkorra izateko gurean ezinbestekotzat jotzen ditugun beste osagaiak. Bata, nahitaezko inbertsioa da. Dirutan inbertitu beharra badago, are eta gehiago giza baliabideetan. Bizi dugun gizartean militantzia urria izanik, arrazoi gehiago dago militanteekin behar den guztia inbertitzeko. Bigarrena, barne kohesioa da. Proiektu mankomunatu bakar batetan berebiziko garrantzia duen aldagaia da. Malgutasunez eta errealitatera egokiturik jokatu beharra dago, baina baterakorra den lan plangintzan murgildurik. Horrela bada, indarrak biderkatu egiten dira eta ahaleginen sakabanaketa ekidin.

Lan munduak dituen beharra eta erronken aurrean prestu egoteko lanean gaude. Hausnartzen, sakontzen, zehazten gaude gure antolakuntza planak, geureari eusteko oinarrizko lanabesak bihurtuz.