Gure neoliberalak. (Astekaria 180, editoriala)

2006/03/06

Agintean dauzkagun neoliberalak ez dira, gehienak behintzat, jende txarra. Herria maite dute eta jendea pozik ikustea gustatuko litzaieke; boteretik ikusi, jakina. Guk neoliberal deitzen ditugun arren, gure agintariek uko egiten diote neoliberal deiturari. Eurak sozial-demokratak dira, edota, gehienez ere, Adam Smith eta Montesquieu-tik datorren tradizio ekonomiko eta politiko noblearen jarraitzaileak. Ez dute inolaz ere bere burua neoliberal harrapari ase ezinen habikide ikusten. Utikan neoliberal gotizena!

Gure neoliberalek, izena errefusatu arren, neoliberalismoaren agindu eta arauetan itsu itsuan sinesten dute, agindu eta arauok erakusten duten bidea gauzak egiteko bide bakartzat hartuta. Pentsamolde bakarrak argitzen ditu eguneroko kudeaketa politikoan, berdin da aurrekontuez, osasungintzaz, zerga politikaz, ordenu publikoaz, edo lan arazoez aritu. Beti merkatuaren legea, hau da merkatuaren jabeen legea, legetzat hartuta.

Halere, gure neoliberalei denekin ondo konpontzea gustatuko litzaieke, baita politika neoliberalak kaltetutakoekin ere. Gustatuko litzaieke, esate baterako, azpikontratazioaren ondorioz lan baldintza kaskarretan ari diren langileek, EUDELek zerbitzu publikoak barra-barra azpikontratatzeko hartutako erabakia ulertzea; edota Irungo garbitzaileek bere greba, dekretuz dekretu, itotzen saiatzen ari den Lan Sailaren jarrera ontzat ematea.

Alperrik dira, baina, gure agintariek azalpenik ez duena azaltzeko egiten dituzten ahaleginak, jendea konturatzen hasia baitago, dagoenekoz, gure neoliberalek txanpona airera botatzen duten aldi oro, txanpona, beti, alde berera erortzen dela.