Gutxieneko adostasuna (Astekaria 184, editoriala)

2006/04/04

Konponbidearen alde apirilaren 1ean Bilbon bildu zen jendetzak batasun mezu argia igorri zigun han bildu ginen -eta hara bildu ez ziren- indar politiko eta sozialoi. Subiraniston batasunaz ari garela, Lizarra-Garazirekin oroitu ohi gara, malenkoniaz gogoratzen dugun paradisu galdua bailitzan. Hura mugarria izan zela ez dago ukatzerik, hamarkadetan aurrez aurre izandakoak biltzea lortu zuelako eta, bide batez, gure amets egingarrien zeru-muga handiagotu; adibidez, euskal herritarron erabakitzeko eskubidea, edota zazpi lurraldez osatutako herria garelako ideien hedapenak asko zor diote Lizarra-Garaziri.

Elkarlan eredu bezala ez zen hain emankorra izan L-G, ez baitzuen lortu bertan bildu ziren indarrentzat eta, oro har, herritarrentzat lan-erreferentzia amankomun izango ziren hiruzpalau puntu finkatzerik. Horrela, akordioa hautsi, eta barnean zeraman ilusio eta itxaropen edukia isuri zenean, esku hutsik geratu ginen, elkarrekin egindako denborak ez zigun aurrerako inolako elkarlan eginkizun zehatzik utzi.

Elkarlanaz ari garela, oso bestelako eredua da Iparraldeko Batera plataformak eskaintzen diguna. Batera-ren baitan, indar anitzek, bakoitzak bere printzipio eta interesei uko egin gabe, Ipar Euskal Herriarentzako oinarrizkotzat jo dituzten lau aldarrikapen adostu dituzte, eta aldarrikapenok gizarteratzeko elkarlanean dihardute. Hortaz, gaur, Zuberoa, Nafarroa Behereko edo Lapurdiko edozein herritarrek badaki -edo badu, gutxienez, jakiteko aukera- zeintzuk diren Batera plataforma zabalean esku hartzen duten indar politiko eta sozialek adostu dituzten gutxieneko aldarrikapen zehatzak. Eta adostasun horrek Departamentuaren aldeko erreferenduma egiteko kanpaina bezalako ekimen bateratuak ahalbidetzen ditu.

Noizko, berriz, Hegoaldean, adierazpen potoloetatik haraindiko, hiruzpalau gai adostuko dituen Batera?