Nazio Batuen Erakundearen Klima Aldaketaren Inguruko Konbentzioa azaroaren 28an Durbanen (Hegoafrikan) hasi aurretik, klima aldaketaren arazoari behin betiko aurre egiteko akordiorik ez zela lortuko susmatzen genuen. Ez litzaiguke inportako oraingoan arrazoirik ez izatea, baina azkeneko Klima Aldaketaren Inguruko Konbentzioetan gertatu ohi den bezala, Kopenhagetik, oraingoa ere asmatu dugu.
Badaramatzagu urte batzuk berotegi efektuko gasen (BEI) murrizketak eskatzen, %40 2020rako eta %85 2050erako. Eskaera honen helburua planetaren tenperatura 2ºCtik gora ez igotzea da, muga hau zientzialariek jarri dutena da, igoera honetatik pasaz gero ondorioak aurreikusi ezinak eta kontrola ezinak izango baitira. Gas emisioak dituzte herrialde guztiak modu loteslean konprometituko dituen akordioa behar dugu, Kiotoren bigarren epe bat izan daiteke (lehen epea 2012ko abenduaren 31n bukatzen da), edo akordio berri bat. Baina batez ere herrialde industrializatuak dira inplikatu eta ardura hartu behar dutenak, beraiek baitira urteetan zehar atmosfera kutsatzen aritu direnak eta beste herrialde batzuk dira klima aldaketaren ondorio latzak jasaten ari direnak. Horregatik herrialde garatuenak dira eraginak jasaten dituzten eta garapen bidean dauden herrialde hauek klima aldaketara egokitzeko eta garatzen laguntzeko fondoak jarri behar dituztenak.
Arazo hauen inguruko akordioak lortu behar zirela suposatzen zen, lehenik Copenhagen, ondoren Cancunen, eta azkenik Durbanen. Azkenean ez da akordiorik egon eta Durbanen sinatu dena luzapen bat da:
- Kiotoko Protokoloa: 2013ko urtarrilean indarrean sartuko den Kiotoko bigarren epea sinatu da. Errusia eta Japonia ez dira bigarren epe honetan izango. Kanadak indarrean dagoen Kiotoko lehen epetik irten du, 2013rako egin behar zituen murrizketak ez betetzeagatik ordaindu beharko lituzkeen isunak ekiditeko. Kiotoko bigarren epean bete beharko dituzten murrizketa konpromisoak oraindik ez dituzte finkatu, herrialde bakoitzak 2012ko ekainaren 21a baino lehen iragarriko ditu.
- Bidai orria: Herrialde guztiei aplikatuko zaien emisio murrizketen akordio lotesle bat adosteko bidai orria jarri da martxan. Konbentzioan sinatu den dokumentuak negoziazioak hastea adostu du 2015an herrialde guztientzat “lege izaera izango duen emaitza” onartu dadin.
- Fondo Berdea: Urtero 100.000 milioi dolar jasoko dituen diru poltsa bat da, diru hau herrialde aberatsenek emango dute garapen bidean dauden herrialdeek klima aldaketaren ondorioei aurre egin eta emisioak ere murriztu ditzaten. Durbanen Fondo Berde honen funtzionamendu mekanismoak onartu dira.
¿Zein ondorio atera dezakegun “Durbaneko Plataforma” deitzen den akordio honetatik? Ez dela ezertan aurreratu, okerrago oraindik, atzera egin da. Herrialde denentzat balio duen akordio loteslerik gabe jarraitzen dugu. Kiotoko Protokoloari urte batzuetarako luzapena ezarri zaio, baina herrialde kutsatzaileenek ez dute bertan parte hartuko. Munduko herrialde kutsatzaileenek konpromisorik hartu gabe jarraitzen dute.
Herrialde kutsatzaileak ez dira beraien emisioen erantzule egiten, eta hau gertatzen den bitartean, milioika pertsona dagoeneko klima aldaketaren ondorioak sufritzen ari dira.
ELAk salatzen du, beste urte batez, gobernuek beraien konpromiso ezarekin hondamendira garamatzatela.
Ainhara Plazaola
ELAko Ingurumen arduraduna