Haiek ere izan ziren

2025/05/21
Mirari Ullibarri- ELA
Duela egun batzuk arte, bai zuetako askorentzat, baita niretzat ere, Lucia Topolansky izena ez zen esanguratsua. Nahiz eta bera Tupamaro Nazio Askapenerako Mugimenduko militantea izan, 1972ko estatu-kolpean espetxeratua ez ezik toturatua ere izan, Herri Partaidetzarako Mugimendua alderdiaren sortzailetako bat izan eta Uruguaiko errepublikako senatari zein presidenteorde gisa karguak izan. Lucía beste pertsona baten bikotea izateagatik da ezaguna.

Orain kontua zertan doan sumatzen ari zaretela, ba bai, bera Pepe Mújicaren emaztea zen, eta Jexux Marik “nik banekien” esan arren, zuetako askok galdera berdina izango duzue barnean: “Zenbat Lucía egon ote dira historian zehar”.

Mexikon bizi izan nintzenean, komunitate zapatistekin espazioa partekatzeko aukera izan nuen. EZLNk berreskuratutako lurraldeetako batean, zenbait kidek askapen nazionaleko mugimenduko familia batekin bizi izan ginen. Bertan, gizonak espazioaren kudeaketa zein hornidura zeraman; emakumeak aldiz, familiaren zaintza. Hala eta guztiz ere, Marta (fikzioko izena) 1994ko urtarrilaren 1eko goizaldean San Cristobal de las Casas hartu zuen emakumeetako bat izan zen. Horrez gain, Chiapaseko iparraldeko mendietan bizi zein jarki ziren gerriletako kidea zen.

Duela astebete Ipar Irlandara joateko aukera izan nuen, oraingoan, nazioarteko politikan eta herri zapalduen askapen-prozesuetan interes handia zuen turista gisa. Derryra bidaiatzea, auzo katolikoan paseatzea eta horma-irudiak zein oroigarriak ikustea, gutxienez, zoragarria izan zen. Era berean, euskarazko azalpenak dituen museoa bisitatzea, esperientzia bai gogoetatsu bai negar-eragilea izan zen. Baina esperientzia hunkigarri eta ahalduntzaile honetan galdera bat suertatu zitzaidan: “Non daude emakumeak?”

Aurten, Nell McCafferty kazetari eta militantearen omenezko murala inauguratu zen arte, auzo katolikoko bi horma-irudik baino ez zituzten emakumeak aipatzen. Lehenengoak Bernadette Devlin politikaren irudia islatzen du; bigarrenak, `Errugabearen heriotza´ izenekoa, Annette McGaviganen irudia azaleratzen du, britaniar armadaren tiroketa baten biktima zibila.

Emakumeok historian izan dugun ezabaketa ez da kasualitatea, eta ez, hau ez zaigu guri soilik gertatzen, pertsona arrazializatuek adibidez, aski dakite honen inguruan. Sistema zisheteropatriarkal eta arrazista honek gauzatu duen ariketa kontzientea da gutaz ez hitz egitea, gure bizipenak ez dokumentatzea edota erreferente ez bilakatzea. Historia liburuetan ez agertzea edota zure konfiantzazko ezkerreko liburu-dendako entseguetan ageri ez izateak ez du esan nahi emakumeak ez garenik aritu emantzipazio-prozesu bakoitza sostengatzen zein gidatzen.

Erreferenteak behar ditugu, zaharrak eta berriak; sindikalismoan, etxebizitza-mugimenduetan, gazte-erakundeetan, gaztetxeetan, jai-batzordeetan, arrazakeriaren aurkako taldeetan, eta nola ez, disidentzia guztietan.

Topa egin dezagun Trece Rosa-eko emakumeengatik, Emakume Askeengatik, Basauriko hamaika emakumeengatik, izan diren eta etorriko diren guztiengatik. Historiak haien izenak ahaztu ez ditzala.