Hamabigarrena martxan (Astekaria 242. Editoriala)

2008/04/18
Batek baino gehiagok errepikatzen duen legez, denbora uste eta nahi baino azkarrago igarotzen da eta joan etorri horretan berriro ere, lau urtekoz behin egiten dugun bezala, kongresu konfederalaren ataritan gaude.

Hamabigarrena izango da urte bukaera aldera dagokiguna, kongresu arteko organo gorenak, Nazio Kontseiluak deialdia egina baitu dagoenekoz eta. Beraz, une honetatik aurrera kongresu konfederal batek eskatzen dituen behar besteko prestaketa eta antolaketa lanak abian jarri dira.

Oso xehea, guztiz xumea den hitzarekin, Langileekin alegia, laburbilduko da kongresu honetarako leloa. Ulerterraza bada ere, guretzat esanahi handikoa, modu borobilean biltzen baitu gure izena eta gure izana ere. Gertutasuna adierazteaz gain, norekin dugun konpromisoa bereziki zehazten du eta, bide batez, langile bakoitzari, langile klaseari mugi dadin dei egiten dio.

Garrantzizkoena kongresu aurreko lanetan dago: lau urtetarako ildo estrategikoak zehaztu, militante eta delegatu izango direnekin edukiak alderatu eta hausnarketa aberastu,  aurreko epealdiko balantzea egitea ere beharrezkoa da... Hauxe da eginkizunik mamizkoena, eztabaida eta iritzi trukaketa horretatik baitatoz militante artean elkarrekiko loturak eta ikuspegi ideologiko eta praktikoak bateratzeko aukera paregabea. Beraz, kongresu egunetarako etxeko-lanak eginak behar.

Kongresu honek ere badu, ohizko edukiaz gain, bestelako esanahi berezia guretzat. ELAren ibilbide luzean, klandestinitatearen ondoren sindikatuaren zuzendaritza hartu zuen belaunaldiaren azken erakusle den egungo idazkari nagusiak bere ardurak utziko ditu. Berrikuntza orekatu eta mailakatua posible egin duten belaunaldi horretako lankide eta lagun guztiekin, oraingoak eta lehenagokoak, zorretan gaude. Eta zorrak kitatzeko modurik egokiena, esker ona adierazteaz gain, ELAren proiektua gorpuzten beraiek eginiko lana ardatz moduan hartzea eta sendotu eta zabaltzea da. Esku berrietan utzitako altxorrak ongi merezia du eginahalak eta bi egitea.