UDALHITZ

Hamasei urte gehiegi dira: Udalhitz hitzarmena eguneratzeko garaia da

2026/11/04
Hamasei urte gehiegi dira: Udalhitz hitzarmena eguneratzeko garaia da
Karmele Garmendia, Urdax Bañuelos eta Nerea Herran -ELA Udalhitz
Aldaketa politiko eta sozialak gero eta azkarrago gertatzen diren eta memoria kolektiboa gero eta laburragoa den mundu honetan, hamasei urte urte asko dira. 2010ean, Patxi Lopez lehendakaria zen oraindik, eta Iñigo Urkullu, berriz, ez zen oso ezaguna politikagintzan. Urte hartan bertan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutaren aurkako epaia eman zuen, eta horrek inflexio puntua ezarri zuen Kataluniako mugimendu subiranistaren bilakaeran. Krisi ekonomiko bete-betean, Zapateroren gobernuak austeritatearen aldeko hautua egin zuen, eta langile klaseari eta sektore publikoko milaka langileri kalte handia egin zieten murrizketa sozial eta ekonomikoak ezarri zituen. Politika horren ondorioak oraindik ere pairatzen ditugu.

Euskal Herrian ere, 2010ean amaitu zen EAEko udal langileen baldintzak arautzen zituen azken Udalhitzaren indarraldia. Atzera begiratzeak aukera ematen digu ulertzeko zer dakarren udal sektoreak hamasei urte ematea sektoreko akordio eguneraturik gabe.

Eustaten datuen arabera, 28.000 pertsona baino gehiago ari dira lanean EAEko udaletxeetan eta udal enpresa publikoetan. Salbuespen gutxi batzuk alde batera utzita, langile horien baldintzak ez dira nabarmen hobetu 2010etik. Hamasei urte igaro dira lan osasunean, urteko lanaldian, plantillak gaztetzeko planetan eta behin-behinekotasuna murrizteko bidean behar besteko aurrerapausorik eman gabe; eta pribatizazioei ere ez zaie etenik jarri. Era berean, ez da adostu euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea bermatzeko neurririk, gure hizkuntzaren aurkako eraso judizialak etengabeak diren honetan. Hori guztia, Madrildik ezarritako soldata eta enplegu murrizketak onartu diren bitartean.

Larriena da gure herriko alderdi politikoek egoera hau luzatzen utzi dutela. Euskal Herrian udal langileen lan baldintzak negoziatzeko gaitasuna defendatu beharrean, Espainiako Gobernuak soldaten igoerak eta birjarpen tasa baldintzatzen jarraitzea onartu dute. Hemen, Madrildik datozen erabakiak ia zalantzarik gabe aplikatzen dira. Agindu eta obeditu da eredua, ia bi hamarkadaz luzatu dena eta onartezina dena.

Duela ia bi urte hasi zen Udalhitz berriaren negoziazioa. ELAk negoziatzeko borondatea agertu zuen, baina oinarrizko hainbat konpromiso eskatu zituen: indarrean egondako azken testua abiapuntutzat hartzea eta etorkizunean adostutako neurri guztiek hura hobetzea; urte hauetan onartutako murrizketa guztiak lehengoratzea; eta Madrildik datozen inposizioak ez onartzea, erabakitzeko ahalmena Euskal Herrian kokatzeko.

EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Independenteek premisa horiek onartu eta protokoloa babestu zuten. Alabaina, negoziazioaren bilakaerak erakutsi du konpromiso horiek ez direla negoziazio mahaira eramaten ari. Zertarako sinatu zituzten, gero proposamen eta akordio zehatzetan gauzatzen ez badira?

ELAren ustez, bereziki zaila da EAJren eta EH Bilduren jarrera ulertzea. Aldarrikapen eta neurri ugari negoziazio mahaira eramateari uko egiteaz gain, udal langileen lan baldintzak Espainiako Estatuaren esku jarraitzea onartzen dute. Kontraesana agerikoa da: euskal erakundeek beren politikak eta aurrekontuak kudeatzeko erabakitzeko ahalmena aldarrikatzen dute, baina beren plantilletako langileen soldatei eta lan baldintzei buruzko erabakiak hemendik kanpo hartzea onartzen dute. Hautu horren ondorioa udal langileen bizi eta lan baldintzak okertzea da.

Ezin da, gainera, baliabiderik ez dagoela argudiatu. Aurrekontu datuek erakusten dute badagoela lan baldintzak hobetzeko tartea. 2025ean, EAEko udalek 1.100 milioi euroko gastua gauzatu gabe utzi zuten, aurrekontu osoaren batez bestekoaren % 20, hain zuzen ere. Horrez gain, duela aste gutxi hedabideetan argitaratutako informazioaren arabera, Bizkaiko udalei zuzendutako Udalkutxaren funtsak marka historiko berria joko du: aurreko ekitaldian baino 92,5 milioi euro gehiago, hau da, % 7,7ko igoera. Gipuzkoan eta Araban ere aurrekontuak handitzea aurreikusten da.

Baliabideak izateak ez du esan nahi diru hori guztia zuzenean soldatetara bidera daitekeenik. Baina erakundeek azaldu behar dute zer tarte duten eta zergatik ez den tarte hori hobekuntza zehatzetan gauzatzen. Plantillen aldarrikapenak bidezkoak dira, eta borondate politikoarekin heldu behar zaie. Lan baldintzak hobetzeko arrazoiak badaude; falta dena hori gauzatzeko borondatea da.

Egoera horren aurrean, EAEko udal langileek argi adierazi dute ez dutela murrizketa gehiagorik onartuko eta borrokarako prest daudela. Erosahalmen galdua berreskuratu nahi dute, urteko lanaldia murriztu, plantillak gaztetzeko planak sustatu, etorkizuneko soldata igoeretan Madrilekiko mendekotasuna gainditu eta euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea bermatu. Azken batean, hemen erabaki ahal izatea aldarrikatzen dute.

Baloia EUDELen eta erakunde horretan dauden alderdi politikoen teilatuan dago. Udalhitz eguneratu gabe hamasei urte eta negoziazioan ia bi urte igaro ondoren, udal langileek konpromiso zehatzak behar dituzte, ez asmo-adierazpen gehiago.

Langileen lan baldintzak hobetzea zerbitzu publikoak indartzea ere bada, eta, horrenbestez, herritarrei eskaintzen zaien arreta eta zerbitzua hobetzea da.

Hamasei urte gehiegi dira. Konpromisoetatik akordioetara igarotzeko garaia da.