Harmonia kosmetikoa (Astekaria 206. Editoriala)
EAJ, EA eta EB-Berdeak ez legezko proposamena aurkeztu dute Lan Harremanen Kontseiluko funtzionamendua berraztertzeko. Oso kezkatuta omen daude gure agintariak lan-harremanak gaiztotzen ari direlako eta elkarrizketa soziala blokeatuta dagoelako. Eta, lan-harremanen gaiztotzearen arrazoia elkarrizketa sozialerako erakundeen blokeoa dela uste dutenez, erakundeok astintzea deliberatu dute.
Orain arte esan dituztenak kontuan hartuta azkenak Azkarraga sailburuak, ez da oso gaiztoa izan behar berraztertze hori erabakiak gehiengoz hartu behar direla dioen erregela aldatzeko egingo dela.
Beste behin ere errazera jo dute: erakundeotan ez dela, aspaldian, akordio potolorik lortzen? Alda di-tzagun arauak, indargabetu ditzagun "akordioen aurkakoen" boza bost axola gehiengoa badute eta lortuko dira akordioak! Zertarako dituzte, bestela, agintariek erakundeok, harmonia soziala irudikatzeko ez bada?
Langile jendearen eta ugazaben artean etengabe hazten doan desorekari erreparatuko baliote, ikusiko lukete elkarrizketa sozialaren ajeak sakonagoak direla. Baina, ugazabak haserretzeko moduko eztabaidarik ireki nahi ez dutenez, akordio kosmetikoen alde egiten dute. Jokabide kaskar hau Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdien eskuineko ikuspegiaren adierazlea besterik ez litzateke, funtsezko arau demokratikoak zapalduko ez balitu. Zapaldu egiten ditu, ordea, eta eskuinkeria demokraziaren aurkako eraso zuzen bihurtzen da.
Gobernuari eta Eusko Legebiltzarrari gogorarazi behar zaie alderdi politikoak ez direla hauteskundeetan zilegitasuna irabazi eta ordezkaritza maila neurtzen duten erakunde bakarrak; sindikatuen ordezkaritza-mapa gustatu ala ez alderdiek lortu dutena bezain zilegia eta errespetatu beharrekoa dela. Langileek adierazitako borondatea, eta demokrazia bera, bortxatu eta iraindu nahi ez badira, behintzat.