Hasteko zerbait… egia bada (Astekaria 244. Editoriala)

2008/05/08
Berriki Nafarroako Legebiltzarrean eztabaidagai izan da urte dezente indarrean dagoen euskararen legea eta bere aldaketa eta egokiera. Nonbait urte bukaerarako zonalde mistoan hainbat herrialde uztartuko dira, horrek dakartzan ondorio guztiekin (administrazio mailan, osasungintza, hezkuntza, errotulazioak eta abar luze bat). Ia momentu berean, eta lehengo aldiz, Frantziako Nazio Asanbladan eremu horretako hizkuntza gutxituen egoera aztertu eta ondoren bere sustapena garatzeko osoko bilkura egin berri du. Bilkura horretan aipamen berezia ere egin dio kulturako ministroak euskararen antzinako jatorriari.

Berri pozgarriak biak, bata zein bestea, baina  tentel xamarrak izan gintezke baldin eta gure hizkuntzaren egoera bideraturik dagoela pentsatuko bagenu. Euskararen sustapenean honelako urratsak eman edota abian jartzeko, zer nolako sentiberatasun mailak zipriztindu ditu nafar gobernua eta Frantziako Nazio Asanblada?

Frantziar gobernuak zalantzarako zirrikitu txikiena ere itxi du: Konstituzioa ez da aldatuko eta euskarari ez zaio inongo ofizialtasun zantzu txikienik ere aitortuko. Beraz, epe luzera iragarri eta neurri zehatzak jasoko omen dituen legearen edukiak ikusi beharko ditugu. Hamarkada luzeetan hizkuntza gutxituak, jarrera jakobino erdirakoia dela medio, galbidean amiltzen joan eta gero biziberritu eta indartu nahiko dutenik ikusteko gaude. Beste hainbeste lepora diezaiekegu Nafarroako lurraldean, euskara mespretxuan jarriz, jendarte askok eskatzen zituen hizkuntza eskubideen aurkako jarrera sutsuki inposatzen etorri direnoi. Errealitate eta nahi baten etengabeko ukazioak maizter bilakatu du makina jende bere etxe propioan.

Honelako neurriak iragartzearekin batera ilusioa eta poza sortzen bada ere, zuhurtziaz begiratu behar zaie. Egiazkoak badira bada hasteko zerbait. Eta ez gaitezen ahaztu: gainontzeko lurraldeetan ez dago guardia jaisterik.