Herritarren zerbitzari izateko, udaltzaingoa gertuko izan behar du

2026/11/13
Herritarren zerbitzari izateko, udaltzaingoa gertuko izan behar du
Urdax Bañuelos Ruiz de Erentxun udal -foruko ELAko arduraduna
Gizarte desberdintasunak gora egiten duen honetan eta Hego Euskal Herriko langileek pobretze kolektiboa sufritzen duten bitartean, zerbitzu publiko desberdinen politikek ez dute arazo politiko-sozial honen konponbiderik ekarri. Hala, arazo hauei ez zaie behar bezala eta baliabide nahikoekin heltzen, eta, askotan, segurtasun publikoko arazo gisa tratatzen dira.

ELArentzat segurtasuna hainbat kontzepturen garapen eta erlazioan sortzen da: lan eta bizitzeko baldintza duinak, gizarte-politika indartsuak, taxuzko hirigintza, hezkuntza plangintza egokia edota zaintza esparruak indartuz eta onartuz, adibidez.

ELA sindikatuak defendatzen du Udaltzaingoa herritarren zerbitzura egon behar den polizia izan behar dela, hori baita bere sorreratik duen helburua. ELAren ustez, Udaltzaingoaren zereginaren ardatzak lan asistentziala eta prebentzio alorrekoa izan beharko lirateke; hurbileko polizia eredua, tokiko errealitatean errotua.

Alabaina, helburu horren kontra hartu dira azken urte luzeetako erabaki politiko gehienak. Instituzioek segurtasunaren kontzeptuaren irakurketa hertsia egiten dutenez, esaten dute segurtasun publikoa soilik poliziarekin bermatu daitekeela, eta horretarako, ezinbestean, geroz eta arma gehiago behar direla. Aitzitik, ELArentzat segurtasuna bermatzen du sistema publiko sendo batek, bizitza duina aurrera eramateko baldintzak sortzen dituena. Armak ez dira segurtasuna bermatzen dutenak.

Hain zuzen, ELAk sistema publikoa indartzeko beharrean jartzen du azpimarra: osasuna, hezkuntza, zaintza, babes soziala, etxebizitza…Eta modu berean,behin eta berriz salatu dugu azken hamarkadetan udaltzainek pairatu duten lan-baldintzen okertze kolektiboa. Beste udal langileekin gertatu bezala, lan-baldintzetan hobekuntza gutxi gertatu dira.

Paradoxa bat dago batzuek polizia-lana defendatzeko duten moduan. Askotan, hura babesten dutenek eta geroz eta arma potente gehiago eskatzen dutenek sektore publikoan murrizketak babesten dituzte, eta ez dute gardentasun handiagoa eskatzen.

Alderdi politiko guztiek (azken aldiz, pasa den astean) babestu duten Arkauteko EPE bateratuarekin lanpostu asko bete gabe geratzen da udaletan, eta kasu askotan behin-behinekotasuna % 40 ingurukoa da. Gainera, EPE eredu honek udaltzainek inguruko errealitatea eta idiosinkrasia ez ezagutzea ekartzen du, eta horrekin batera kalte larria, herritarrei zein udaltzainei. Bestalde, herritarrei ez zaie euskarazko zerbitzurik bermatzen eta lantaldeetan gertatzen den txandakatzea erabat onartezina da. Honek guztiak poliziaren etengabeko homogeneizazioa dakar, Udaltzaingoak ordezkatu izan ohi duen gertuko Polizia izaeraren kalterako. Kalte horiek guztiak ekiditeko, udal bakoitzak, lehen egiten zen moduan, bere EPEak antolatu behar ditu, udal eskumenak defendatuz eta indartuz.

Ikuspegi hertsatzaileagoa hedatzen ari da polizian, asistentzia- eta prebentzio-funtzioen kaltetan.Bitartean,Ertzaintzan gertatu bezala, sindikalismo korporatibo toxikoek indarra hartzen ari dira pixkanaka, interes propioak edozerren gainetik jartzen dituztelarik.

Polizia-lana zerbitzu publikoa da, eta, beraz, zibila eta printzipio demokratikoen araberakoa izan behar du. Mekanismo horien eraginkortasuna funtsezkoa da gizarteak polizia-erakundearengan duen konfiantza sortzeko eta mantentzeko. Poliziaren gaineko kontrolen funtzionamendu egokiaren alde egiten dugunok gara zerbitzu publikoen defendatzaileak. Aitzitik, uste dugu polizia-jardueraren baldintzarik gabeko defentsak, askotan, benetako polizia-eginkizunetik kanpoko interes politikoak edo korporatiboak ezkutatzen dituela. Ez gaude ados poliziaren edozein jardueraren defentsa-irakurketa itsuekin, lortzen den gauza bakarra zerbitzatu behar duen gizartetik gehiago aldentzea baita. Lanbide guztien jarduerak ikertzea, poliziarena barne, da aukera bakarra modu garden eta independentean gizartearen aurrean konfiantza sortzeko eta polizia-lan prebentiboa indartzeko.

Gauzak horrela, hauek dira Udaltzaingoaren inguruan dauden 3 korapilo nagusiak: nahi dugun Udaltzaingoaren eredua, segurtasun publikoa nola bermatzen den eta, azkenik, udaltzainen lan-baldintzen galera orokortua. Hiru gai hauek elkar gurutzatzen dira eta gaur egun bizi dugun egoeraren erakusle dira. Korapilo hauen inguruko gizarte eztabaida ezinbestekoa da.

ELAk politika publikoen 180 graduko norabide aldaketa eskatzen du. Urteak daramagu hausnarketa hauek mahai gainean jartzen eta konponbideak zeintzuk izan daitezkeen azpimarratzen; bada garaia agenda publikoan eztabaida hau txertatzeko.