Hiru txerritxoak Saharan

2022/10/19
Pello Igeregi - ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna
ELA ordezkatuz, Saharan munduko hainbat sindikatuekin batera gure elkartasuna adierazteko zortea izango dut bihartik aurrera. Kontaezinak diren kontrol polizialak gaindituta heldu gara kanpamentuetara. Lehen kolpean atentzioa eman dit horrenbeste adreilu eta adobezko etxeak ikusteak. Orain urte batzuk hemen izandako sindikatuko beste kide batzuek Jaimak aipatzen zituzten. Egun, udan freskoago egoteko erabiltzen dituzte.

Hiru txerritxoen ipuinarekin akordatu naiz, baina kasu honetan harrizko etxeek pena eragiten dute. Jaimek behin-behinekotasuna sinbolizatzen zuten, etxera azkar bueltatzeko esperantzarekin eraikitako eraikin xumeak baitziren. Adreiluak, ordea, desesperantza dakar, epe laburrean etxera itzultzeko esperantza faltaren seinale baita.

Bihar mintegia hasiko dugu eta bertan Espainiako gobernuaren traizioa salatzeaz gain, esperantzarako mezua helarazten saiatuko naiz.

Askatasuna lortzeko, menperatutako herri guztiak beren esku ez dauden erabakien menpe daude, herrialde boteretsuen interesen ondorioz. Baina horrek ez du suposatu behar geldi egon behar dutenik, askatasuna lortzeko baldintzak sortu behar direlako. Gure buruzagi ohi batek esaten zuen moduan, askatasunaren trena zure geltokian geratzen bada, trenera igotzeko prest harrapatu behar zaitu.

Kanpamentuetako bizi baldintzak ikusita, munduan justiziarik bada, Sahararrek trena laster geltokian behar dute, merezi dute eta. Eta ea horrela txerritxo langileek Jaimak eraikitzen dituzten, etxerako bidean daudenaren seinale.