Hitzak eta ekintzak uztartu (Astekaria 215. Editoriala)

2007/05/13

Badira urteoro negoziazio kolektiboaren garaian, etengabeko erretolika legez, errepikatzen diren lelo eta esaldi borobilak. Horiei so eginez, sindikatuek lan harremanen esparruan langile askoren egoera onartezinaz hausnarketa eta eritzi amankomunak ditugula, dirudi.

Zalantza izpirik gabe, langileon errealitate gordin honek larritasun eta mixeriazko hainbat aurpegi du: gazteak, emakumeak, soldata urriak eskuratzen dituzten langileak, kontratoen ezegonkortasuna eta abar luze bat. Egoera jasanezina izanik, estatistika ofizialek ere ezin dute bera ezkutatu.

Negoziazio kolektiboaren aurrean ezaguna zaigu patronalaren jarrera oldarkorra. Langileen ekimenez sorturiko etekinak banatzeko garaian agudo erakusten dute beren prestutasun-eza. Bederen, agerikoak zaizkigu euskal administrazioek ugazaba eta patronalen mesederako ezartzen dituzten morrontza politikak, heure erantzukizuna beraiekiko bakarrik bailitzan.

Sakoneko egoera hau luzaroan ustel ez dadin, ezinbestekoa zaigun negoziazio kolektiboaren tresna gorpuztu behar dugu, beti ere patronalaren aurrean lan baldintza duinak irmoki defendatu nahi baditugu. Haatik, benetazko negoziazio kolektiboa garatzen joateko presioa eta indarrak berebiziko garrantzia dute.

Langileok bortizki erasotzen digun patronalari neurria hartzeko gatazka gogorrak eta luzeak antolatzera behartuak gaude, ezbairik gabe. Borrokatzeko hamaika arrazoi daudela zinez badiogu, erresistentzi-kutxa tresnaren eraketa luzaezina da, baldin eta indarrean dauden gatazkak eta sortzear daudenak arrakasta itxaropena eman nahi badiegu. Hedabideetan plazaratutako irudizko gatazkek bestelako estrategia dute helburu eta hutsalak bihurtzen dira patronalaren aurrean.

Horregatik diogu hausnarketatik ekintzetara jo beharrean gaudela urteoroko leloak eta aldarrikapenak sinesgarritasunez jantzi daitezen. Zilegitasuna dugu jokoan. Beraz, leloak egi bihur daitezen hitzak eta ekintzak uztartu behar dira.