IMQren aurkako epai historikoa, aurrerapausoa feminismoarentzat, Martxoaren 8aren atarian
Garaipen handia da sindikalismo feministarentzat; izan ere, alde batetik, lan-baldintza duinen alde eta hitzarmen kolektibo bat negoziatzeko eskubidea urratu dela onartzen delako, eta, bestetik, sexuagatiko diskriminazioa aitortzen delako, sektorean dagoen soldata-arrakalarekin amaitzeko antolatutako eta mobilizatutako langile talde feminizatua baita.
Garbiketaren sektorean dagoen soldata-arrakalarekin amaitzeko aldarrikapena ELAk urteetan egindako aldarrikapen sutsua da. Kolektibo feminizatuei eragiten dieten hitzarmenetan ezarritako soldatak (hala nola eraikinen eta lokalen garbiketa) eta maskulinizatutako kolektiboei eragiten dieten soldatak (adibidez, bide-garbiketa) parekatu nahi dira, batzuen eta besteen arteko soldata-aldeak 10.000 €artekoak baitira kasu batzuetan. ELAk greba ugari aktibatzea lortu du aldarrikapen horren inguruan, adibidez, Guggenheimen garbiketan, Bermeoko eta Urdulizko udalen garbiketan, eraikinen eta lokalen garbiketan, komisarioen eta epaitegien garbiketan…
Lehen aldiz, epai batek sektore horretan dagoen soldata-arrakala aitortzen du. Epaiak eremu ahulak aipatzen ditu, prekarietatera eta ezegonkortasunera jotzen dutenak, genero-arrakala %20 ingurukoa izanik. Araudi soziala eta errealitate berriak ere aipatzen dira, eta baliogabetzat jotzen dira, besteak beste, sexuagatiko diskriminazioagatiko kaleratzeak.
Koinzidentzia polit bat gertatu da IMQ-ko gatazkarekin. Otsailaren 22an, soldata-arrakalaren aurkako egunean, salaketa-ekitaldia egin genuen epaitegien aurrean, Euskal Herriko soldata-arrakala legezkoa dela salatzeko, nahiz eta bidegabea izan. Soldata-arrakala patronalaren aurrean salatzen genuenean, aurpegiratu egiten ziguten “hain diskriminatzailea bada, jo ezazue epaitegietara”. Horrela egin genuen, noski.
Ekitaldia baino egun batzuk lehenago, IMQren aurkako epaiketaren dataren berri izan genuen, otsailaren 22an izango zen, gure ekitaldiarekin koinzidituz, eta hura baliatu genuen langileei animoak emateko eta IMQren errepresaliak salatzeko. Inork ezin zuen pentsatu emaitza orain dela egun batzuk lortutako epaia izango zenik.
Uste dugu epai aitzindaria eta aurrekaria izan daitekeela Euskal Herri osoan beren enpleguak duintzeko borrokan ari diren milaka emakumerentzat. Adibidez zaintza-sektoreko emakumeentzat; adinekoen egoitzetakoak, etxez etxeko zerbitzukoak, esku-hartze sozialekoak... eta askoz gehiagorentzat. ELAn hainbat greba ditugu martxan sektore horietan, eta horixe izan zen martxoaren 8rako “ZAINTZA PUBLIKOA DENONTZAT” gaia aukeratzeko arrazoietako bat.
ELAn genero-arloan izaten ari garen emaitzak ezin dira ulertu hartu ditugun erabakien gabe; ELAn duela urte batzuk abian jarritako genero-berdintasunaren aldeko plana (maiatzaren 5ean aurkeztuko da), erresistentzia-kutxa, hori gabe ezingo genituzke egoitzetako, Guggenheimeko edo IMQko grebak bezain luzeak mantendu, berdintasun planen lanketa eta belaunaldi- eta genero-erreleboa. Egun hauetan asko dugu ospatzeko, baina baita ere eskerrak emateko, eskerrik asko langileei ELArengan konfiantza izateagatik antolatzeko, ELAren zerbitzu juridikoei eta feminismoari, sinesten irakasteagatik. Emily Dickinson poeta estatubatuarrak esan zuen bezala “gure benetako garaiera ez dugu ezagutzen zutik jarri arte”.