Iñaki Uriaren bahiketa. (Astekaria 137, editoriala)

2004/05/23

Joan den urteko otsailean zur eta lur utzi gintuen Egunkariaren eta hainbat herritarren aurkako operazioa ez da amaitu. Batetik, euskarazko egunkari bakarra behin betiko ixtea esan nahi zuen "badaezpadako erabaki" haren ondotik epaiketarik izan ez delako (zergatik ote?).

Bestetik, orduan atxilotu zuten Iñaki Uria kontseilari-ordezkaria oraindik espetxean dagoelako. Duela gutxi epaileak fidantza jartzeko eman dion aukera adar jotzea eta taxuzko zuzenbide-estatu baten baitan iraintzat hartuko litzateke: Kalera irten ahal izateko Uriari 600.000 euro, garai bateko 100 milioi pezeta alegia, eskatzen dizkio, baina ez ohikoa den moduan, berme bidez, dirutan baizik. Baten batek aipatu zuen hau kartzelan jarraituko duela esateko beste modu bat dela.

Beraz, Espainiako gobernuan aldi berri bat hasi den arren, Zapateroren garai alaitsu eta kanpoeder honetan, gauzak ez dira asko aldatu: Oraindik Iñaki Uriaren aurka froga sendo bat aurkitu ez duten arren, giltzapean daukate; delituaren frogarik aurkitzea, gainera, ezinezkoa da, egin zuen gauza bakarra egunkari bat sortzeko lanetan jo eta ke ibiltzea izan baitzen.

ELAk bere garaian esan zuen bezala, Auzitegi Nazionalaren erabakia adierazpen askatasunaren, informazio-eskubidearen eta euskal kulturaren aurkako erasoa zen. Baina susmagarria da hain denbora luzez estatuak errurik ez duen gizon hau atxilo, bahituta eduki nahi izatea.

Zer egin dezakegu? Mobilizazioetan parte hartu eta gure haserrea adierazi; horixe izan da ostegun honetan Donostian hainbat sindikatuk egin dutena. Eta beste zerbait ere bai, lan positiboa: duela gutxi Iñakik espetxetik idatzitako gutun batean zioen bezala, langileok eta sindikatuok ere euskalgintzari arnas eman diezaiokegu. Badakigu ez garela Iñaki ordezkatzeko gauza izango (euskararen aldeko lan sutsua egiten baitzuen), baina saiatuko gara.