Indar kolektiboak birrindu asmoz (Astekaria 248. Editoriala)

2008/06/12
Egunetik egunera eraikitzen doan Europa hau ez da gure gustukoa. Halaxe genion Europako Konstituzioa erreferendumean bozkatu behar izan zenean. Testuinguru hartan eze-tzaren aldeko hautua egin genuen bertan jasotako edukiak –eta jasotzen ez zirenen erreferentziak ere– ez baitziren gizarte eta langileen aldeko eskubideen garapena bermatzen zuten horietakoak. Guztiz alderantziz, berehala antzeman genion testuaren egileen nahiari. Kapitalen interesen menpean eta haien nahietara makurturik eraiki beharreko eremu ekonomiko eta geografiko hutsa zen azaldu nahi ziguten idiliozko Europa hura.

Denboraren joan etorrian erabat baieztaturik dakusagu hautu haren asmatze zuzena. Pertsonak, herritarrak, langileak erabat alboraturik izan dira europar egitasmoan eta egintza politikoaren muinean enpresariak eta kapitalek hartu dute kokapen nagusia eta lehenetsia. Ez da harritzekoa, beraz, hain erakargarritasun gutxi sortzea honako proiektuak. Hainbat herrialdetan Konstituzioa onartu ez eta bestelako estrategiari ekin diote agintariek Lisboako Ituna dela medio. Angela Merkel Alemaniako kantziler berak zioen bezala, konstituzioaren funtsezko edukiak Lisboako Itunean indarrean daude. Hizkera leundu bada ere, asmo berberari erantzuten dio.

Ikuspegi eta pentsamolde horretatik eratorriak dira azken aldian europar erakunde ezberdinek hartu dituzten erabakiak. Halakoak dira Viking, Laval edo Rüffert kasuetan Europako Justizia Gorteak negoziazio kolektiboaren aurka hartutakoak, esate baterako. Azkena, Europako Lan Ministroek onartutako lanaldiaren denbora bideratzeko Zuzentaraua. Bertan, besteak beste, egun indarrean dagoen 48 ordutako lanaldiaren goi muga hautsi eta 65 ordutara igotzeko aukera aurreikusten du. Hori bai, aldaketa hori baldin eta negoziazio kolektiboan onartzen bada edota enpresaria eta langilearen artean onartzen bada.

Ez dakigu tenteltzat hartu nahi gaituzten edo adarra jotzen ari diren. Edo norbaitek zalantza al du produkzio katean langilea dela kate-begi ahulena?