Pradales: espero baino aurrekontu okerragoak
Hasteko, gauzak egiteko modua; ez uste, ez dugu juzkatuko aurrekontua jaka jantzita ala alkandora hutsean aurkezten duen. Aurreko gobernuei kargu hartu izan diegun kontu bat izan da propaganda egiteko seta: dena primeran doa, eta jende guztiak dakienez, munduan beste edonon baino askoz hobeto gaude. Bilbainismo hutsa, pentsa liteke. Jaurlaritzako ordezkariek aurrekontuen inguruko propaganda egiten dute aukeratu dituzten datu bakan batzuk behin eta berriz emanez, hedabideetan irudirik onena zerk emango dien kalkulatuz; jakina, lehen egunetan kanpoko inork ezin ditu aurrekontuaren xehetasunak ezagutu.
Ikuspuntu demokratikotik jokabide hau ez da onargarria, baina ohikoa izan da. Bada, autokritika egin omen duten hauek antza erabaki dute Urkulluren propaganda arrazoizkoa zela, baina areagotu zitekeela. Ondorioa: propagandaren festa orain handiagoa da; Lehendakaria protagonista bihurtu eta “gizarteko ordezkarien” aurrean agertu da. Egin duen aurkezpenean partida hasi aurretik bere neskak edo mutilak animatu nahi zituen entrenatzailea zirudien.
Propaganda ariketa horri esker, benetako datuak eta osotasuna ezkutatuz, eta aldeko dituen hedabideen laguntzaz (honekiko nabarmendu beharra dago komunikabide publikoen eginkizun tamalgarria), joan den aste honetan edonork entzun edo irakurri ahal izan du hamaika aldiz aurrekontu hauek historian izan diren handienak direla, baita “sozialenak” ere, datorren urtean osasungintzara 5.000 milioi baino gehiago bideratuko direla, eta abar. Kopuruak bat ere testuingururik gabe eman zaizkigu; asmo bakarra zen gizarteak sinestea aurrekontu hauek ezin hobeak direla. Hau da, oraingo hauek ere aurreko gobernuaren antzera jokatzen dute, okerrago ez bada.
Esan dugun legez, oraindik ezin dugu aurrekontuen benetako edukia eta osotasuna ezagutu; oraingoz Jaurlaritzak eman dituen datu partzialetatik ondorio batzuk ateratzea besterik ez zaigu geratzen. Baina honi dagokionez ere uste baino okerrago gaude. Esaten digute Jaurlaritzaren 2025eko aurrekontua guztira 15.728 milioi euro izango direla, hots, 2024an baino 703 milioi gehiago. Beraz, % 4,7ko igoera. Iazkoan Eusko Jaurlaritzak zabaldu zuen prentsa-oharrak gobernuaren ahalegin handia goraipatzen zuen, 2024ko aurrekontua 15.025 milioi euro izan baitziren; “aurrekontu orokorra 774,7 milioi handiagoa da, hau da, iazkoa baino % 5,4 handiagoa”. Hortaz, datorren urteko aurrekontua 2024koaren klon hutsa da.
Gobernu berri honek 2025erako landu duen aurrekontuak ez badu ezertan aldatzen aurtengoa, nork pentsa dezake zerbitzu publikoen arazo larriak konpontzeko modua izango denik, edota urratzen diren eskubideak bere onera ekarriko dituztenik, esaterako etxebizitza duina edota zaintza-sistema egokia izateko eskubidea? Aurrekontu politika aldatzen ez bada ezinezkoa da. Areago, kontutan izanik datorren urteko aurrekontuaren igoera iaz erabakitakoa baino murritzagoa dela, pentsa liteke ere gauzek okerrera egingo dutela.