Instituzioek euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu behar dute

2024/12/03
Pello Igeregi, ELAko euskara arduraduna
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna da. Bada, instituzioek ez dute zer ospatu, beren erabakimenez ontzat ematen ari direlako euskaldunon hizkuntza zapalkuntza. Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izatea oinarrizko giza-eskubide gisa onartzea exijitzen du ELAk eta lehen neurri gisa euskararen ezagutza unibertsalizatzeko neurri eraginkorrak onartu daitezela.

XXI. mendean ere, Euskal Herrian euskaldunok ez dugu euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubiderik eta gure egunerokoan gaztelaniaz aritzera behartuak gara espazio anitzetan, baita lantokietan ere. Egoera hau zapalkuntza instituzionalaren ondorio da, Hego Euskal Herrian gaztelaniaren hegemonia inposatu duena eta euskara baztertu, milaka herritar euskara ez ezagutzera kondenatuz.

Egungo gizarte neoliberal honetan, gainera, sozializatzeko espazio guztiak merkatuaren legeak zeharkatzen ditu (sare sozialak, aisialdia, kultura, merkataritza bera…) eta, ondorioz, diru-irabaziak eragin ditzaketen hizkuntza hegemonikoek beren zapalkuntza areagotu eta gizartea erdalduntzen dute.

Esandako guztiaren gainean pairatzen ari gara oldarraldi judiziala, politikoa, mediatikoa eta sindikala, aipatutako gaztelaniaren hegemonia betikotu eta euskara zokoratzea helburu duena. Hego Euskal Herriko instituzioak oldarraldi horiek erabat baldintzatuta ari dira eta alderdi abertzaleek PSOEk ezarritako mugak onartzen dituzte.

PSOEren euskarafobia ez da arazo harekin gobernuak osatzeko edo partekatzeko. Hala gertatu da etorkizunean ikasle erdaldun elebakarrak sortzen jarraitzeko aukera emango duen EAEko Hezkuntza Legearekin, edo Nafarroako bi herenetan eta administrazio zentralean administrazioetarako sarbidean ingelesak edo alemanierak euskarak baino garrantzia handiagoa izatea dakarren Merituen Dekretuarekin, adibidez. Erabaki horiek PSOErekin adostuak izan dira edo ez dira bestelako akordioak lortzeko oztopo izan.

ELAk ausardia eta koherentzia galdegiten die instituzioei euskaraz bizitzeko oinarrizko giza-eskubidea bermatu dezaten. Euskararen ezagutza unibertsalizatzeko neurri eraginkorrak ezinbestekoak eta premiazkoak dira. Baita, aldapa gora ibili ordez, euskara naturaltasunez erabili ahal izateko azpiegiturak eta eremuak ere.

Sindikatu gisa, ELAren iritziz euskara ikastea oinarrizko lan eskubidea izan behar da, gaztelania izan ez dadin derrigorrez ezagutu beharreko hizkuntza bakarra eta euskara ezagutzeko baldintzak sortu daitezen.

ELAk jarraituko du abenduaren 3a igaro ondoren lanean, Gipuzkoako metalgintzan edo Bizkaiko adinekoen egoitzetan adostu bezala, negoziazio kolektiboaren bitartez lantokietan Euskara Planak negoziatu daitezen.

Azkenik, ELAk abenduaren 7an Euskal Herrian Euskarazek Durangon deitutako manifestazioarekin bat egiten duela berresten du eta ELAkideak deitzen ditu bertan parte hartzera.