Irabazleak eta galtzaileak (Asteria 186. Editoriala)
Opariz gainezka dator lan erreforma. Ugazabentzako opariz gainezka, noski, hedabideetan eman nahi izan diguten informazio neurtuaren bidez jakin arazi digutenez. Erreformaren egileek helburua lan kontratuak egonkorrago bihurtzea dela dioten arren, paradoxikoki, langilea kaleratzeagatik eman beharreko kalteordaina merketzean datza erreformaren muina; izan ere, erreformarekin kontratu mugagabe berri guztiei urteko 33 eguneko kalteordaina ezarriko zaie, kontratu zaharren urteko 45 egunekoaren ordez. Kalteordainaren gehienezko kopurua ere asko murriztuko da, 42 hilabetetik 24ra.
Ikusteko dago kaleratze merkeagoak lan merkatuaren egoera estatistikoa hobetzeko balioko duen, kontrakoa erakusten duen aurrekaririk ere baitago; esate baterako, 1997ko lan erreforma sinatu zutenean, CCOO eta UGT sindikatuek kontratu ez finkoen kopurua %33tik %15era apalduko zela iragarri zuten. Lan erreforma hark ia bederatzi urte bete dituenean, orduko kontratu ez finkoen kopuru berbera daukagu, %33, alegia. Atzeak erakutsi beharko lieke aurrea nola dantzatu.
Erreformak lan finkoaren bataz besteko estatistikoa hobetzeko balioko duen oraindik ikusteko badago, dagoenekoz ikusia dagoena da finkoa deritzagun kontratuaren narriadura areagotuko duela. Beste koska bat kenduko dio erreformak aspalditik, hozka hemen eta hozka han, ezerezean geratzen ari den lan kontratuaren egonkortasunari.
Baina ez dira, nonbait, hor amaitzen ugazabek erreformarekin jasoko dituzten onurak. Diru laguntza berriak jaso ahal izango omen dituzte, langileari kontratu mugagabea egiten diotenean, eta, langabeziarako eta FOGASArako kotizazioak ere murriztuko omen zaizkie; hau da, krisi larriaren mehatxupean omen dagoen babes sozialerako sistemari enpresek egin beharreko ekarpenak murriztuko dira. Erreformak, beraz, irabazleak eta galtzaileak ditu, bere sinadura saldu duten sindikatuak denon onerako dela azaltzen saiatuko diren arren.