Iruñerriko Mankomunitatea villavesetako enpresaren alde eta plantillaren aurka

2025/07/15
Pilar Lorenzo Fernández eta Javier Peru Larumbe TCC Moventiseko ELAren atal sindikalaren ordezkari gisa.
Uztailaren 4an, villavesetako greba hasita zegoenean, Mankomunitateak ohar bat atera zuen enpresaren proposamena "nahikoa zela eta greba justifikaezina zela" esanez. Oso une zaila zen enpresarekin mantentzen ari garen pultsuari dagokionez, eta Mankomunitateak enpresarekin posizionatzea erabaki zuen, eta ez langileekin. Politikan erabakiak hartu behar dira, eta kasu honetan Mankomunitateak hartu zuen.

Hilabeteak dira villavesetako langileok dirua irabaztea helburu duen enpresa pribatu baten diru goseari aurre egiteko antolatzea erabaki genuela. Negoziatzen denbora asko eman ondoren, enpresaren inmobilismoak uztailaren 1etik greban egotera behartu gaitu. Zoriontsuago egongo ginateke normaltasunez lan eginez eta Sanferminez gozatzen, greban egotea ez baita erraza. Batzarrak, piketeak, prentsaurrekoak, kontzentrazioak... tentsio handia suposatzen dute, baina bidezkoa dela uste dugun zerbait defendatzen ari garelako egiten dugu greba, zerbitzu publiko ona eskaintzeko lan baldintza onak behar baitira.

Lan gatazka honetan gertatzen denak, zerbitzu publikoen pribatizazioan du erroa. Garraio publikoa bezalako zerbitzuak enpresa pribatuen esku uzteak aukera ematen die TCC Moventis bezalako enpresei dirua irabazteko langileen kontura. Egungo garraio publikoaren esleipena hamar urterako egin zen, eta aurreko esleipenarekin alderatuta, % 14ko beherapena izan zuen prezioan.

Hau guztiagatik, Iruñerriko Mankomunitatea jokatzen ari den papera salatu nahi dugu. Enpresaren proposamena "nahikoa zela eta greba justifikaezina zela" esanez atera zuten komunikatua lotsagarria iruditzen zaigu. Mankomunitatea enpresaren alde lerrokatu da langileak alde batera utzita, Mankomunitateak berak eragin duenean egoera hau aurreko esleipenetik prezioa jaistean.

Iruñerriko Mankomunitateko presidentea EH Bildu, Geroa Bai, Independenteak eta Contigo Zurekin alderdien botoekin hautatu zuten. Egia esan, ez genuen espero Mankomunitatea enpresaren alde eta langileen aurka agertzea. UPNk eta PSNk agintzen zuten garaian imajinatu genezakeen, baina orain oso zaila egiten zaigu onartzea.

Gertatzen ari dena eta jasotzen ari garen presioak gorabehera, langileok argi daukagu borrokan jarraituko dugula zerbitzu publiko ona eskaini ahal izateko lan baldintza onak lortu arte.