Itxaropenik ez, gero, zapuztu (Astekaria 161, Editoriala)
Euskal Herrian azken garaitan nolabaiteko itxaropen giroa piztu da, gatazka politikoa bidera litekeela uste izanda. Hori da hitzez eta komunikabideetan behin eta berriz batzuk eta besteek hedatu izan duten mezua. Izan ere, keinu eta jarrera berriak ere somatu dira Legebiltzarrerako hauteskunde bezpera eta ondorengo egunetan.
Baina joan den aste honetan arrapaladan gertatutakoak Zarautz, Madril eta Barakaldoko bonbak, han eta hemen etengabe gertatzen diren atxiloketak eta Arnaldo Otegi espetxeratzeko agindua islatzen dutenez, badirudi alde biak indarrak neurtzen ari direla, mahai batean eseri aurretik ez dutela inondik ere ahulezia adierazi nahi. Eta egoera alda daitekeelako itxaropen hori lausotuta geratzen da, distentsiorantz urrats zehatzik egiteke dagoela ikustean.
Bestalde, orain arte aurreratutako posizioek ETAren adierazpenak, Anoetako proposamena, Espainiako Korteetan onartu berri den ebazpena argi adierazten dute gatazkarekin zerikusia duen alde orok ikusi eta onartu duela egoera zaharrari eustea zentzurik gabeko seta litzatekeela; arazoa, ordea, egoera berria nola taxutu erabakitzerakoan dator. Horixe da elkarrizketa prozesu batek emango lukeen fruitua, eta gatazka politikoak nola bideratu finkatuta daukaten gizarteetan ohiko dena.
Egoera honi konponbidea bilatzeko ardura eta konpromisoa hartu dutenei bestalde, horixe da dagokien egitekoa gizarteak eskatzen diena, benetan helburu hortara jo dezatela eta itxaropenak ez daitezela berriro zapuztu.
Herritarrek gauza bat nahi dute beste edozeren gainetik, lehenbailehen bortxa adierazpenok amai daitezela eta elkarrizketa prozesuei hel diezaietela, behin betiko indarkeria eta errepresio zikloarekin amaitzeko.