Itxi ezinean (Astekaria 236. Editoriala)
Hedabide euskalduna, euskaraz eginiko hedabidea itxi zutela bost urte bete berri dira. Gau hartako itxialdiaren berria, “Egunkaria itxi dute”, miaketak eta atxiloketekin batera etorri zen. Ondoren, atxilotuek jasan behar izan zituzten sufrikarioak amaiezineko gau eta egun luzeetan eman ziren. Eraso bortitza, itzela izan zen. Hedabidea izateagatik, euskaraz eginikoa izateagatik euskalgintza osoa kolpatu nahi izan zuten itxiera zela medio.
Berehalako erantzun sendoa eman genion herritarrok barne-barnean urratua izan zitzaigun sentipena amorruz adierazteko. Epe motzean antolatu zen manifestaldian biziki ikusi genuen egoeraren ulertezina, batetik, eta haserrea bestetik. Ez zen izan gutxiagorako. Adin, kolore, pentsamolde eta sektore oso ezberdinetako jendetzak erabakiaren aurka garrasi egiteaz gain, euskal gizartean hedabide euskalduna izateko konpromisoa berretsi zuen. Egunkaria gure artean nahi genuen. Haren haritik, Berria sortuz, hutsunea betetzeko urratsak ezarri ziren.
Ez zen ordea zauria itxi eta, bost urtetako gaualdi luzearen aitzinean, atxilotuak izan zirenak ere Auzitegi Nazionalaren epaien zain daude. Gutxira etor daitezkeen epaiak dira. Sinestezina badirudi ere eskatzen zaizkien diru isunak eta kartzela urteak ia kontaezinak dira. Madrilgo esparru ezberdinetan ez dituzte kontutan hartzen, ez dituzte kontutan hartu nahi, auzia bertan behera uzteko euskal gizarteak hainbat aldiz adierazi duen exijentzia. Entzungorrenak eginez, aurrera diraute prozedurarekin.
“Egunkaria libre” lemapean euskalgintza, babes taldea eta auzipetuek egoeraren larria plazaratu dute. Bide batez, etor daitekeenaren aurrean adi egoteko eskaera luzatu dute, beste behin, behar bezalako erantzuna prestu izateko. Halaxe behar du. Herri nortasuna isilarazten saiatu den erasoari erantzun zabala, anitza eta plurala dagokio, adin, kolore eta pentsamendu ezberdinak biltzen ahaleginduko den erantzuna.