Itziar Gabikagogeaskoa: Samina urte berriaren lehen egunotan
Indarkeria desberdintasunaren adierazte gorena da. Hasi berri dugun 2006.urte honek gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bide luzea egiteke dugula erakutsi digu berriz ere.
Sexuen arteko berdintasunak utopia izaten jarraitzen du eta emakumeen kontrako tratu txar eta erailketek argi erakusten dute gizarte patriarkal honen jarrera zein den. Berdintasuna lortzeko sexuen arteko erlazio hierarkikoak gainditu eta parekidetasunerantz abiatuko diren politika eta bitartekoak sortu behar ditugu. Lan handia dugu, beraz, aurretik.
Heriotza bat mahai gainean, beste behin. Asteazken arratsaldean emakume bat hil zen Donostian, haren bikotelagunak emandako tratu txarren ondorioz. Biktimaren bikoteak hiru egunez izan zuen atxikita eta jipoi ugari eman zizkion. Emakumeak ihes egitea lortu zuen eta zauri larriak hartuta, Donostiako Ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean egon da ingresatuta. Zauriak oso latzak ziren eta emakumea bertan zendu zen.
Zoritxarrez, hasi besterik egin ez den urte honetan emakumeen kontrako indarkeria kasu larri bat gertatu da. ELAko Genero Politiketako alorretik gogor salatzen dugu ekintza hau eta "Erasorik ez erantzunik gabe" lelopean astelehenean, urtarrilak 9, ohiko leku eta orduetan izango diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egiten dizuegu.
Emakume bat hiltzen duten bakoitzean, ankerkeria horren aurrean, eraildako emakumeen senitartekoek eta lagunek sentitzen duten sufrimenduarekin bat egin nahi dugu. Heriotza, tratu txar edo erasoen aurrean ELAren jarrera irmoa da: Erasorik ez erantzunik gabe.
Euskal Herriko Mundu Martxako Plataformak antolatutako kontzentrazioak ondoko herri hauetan egingo ditugu: Bilbo, Durango, Zornotza, Algorta, Donosti, Zarautz, Orereta , Tolosa, Azpeitia, Gasteiz, Iruñea, Lizarra, Tafalla, Sakana y Baiona.