Jaurlaritzak Hobetuz mespretxatzen du
Irailaren 6an egindako HOBETUZen bileran, Hezkuntza Sailak jakinarazi zuen Madrilek bidalitako dirua onartuko duela EAEn etengabeko prestakuntza arloan Estatuko eredua garatzeko. Madrilgo gobernuak, CEOE patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuetako zuzendaritzek inposatutako etengabeko lanbide-prestakuntzarako eredu hau onartuz gero, prestakuntza planak eta diru kopuru ikaragarria erakunde horien esku geratuko dira. Berriz ere, ELA eta LABek langileen etengabeko prestakuntzako beharrizanak aitzakiatzat hartuta, sindikatu eta patronal hauek finantzatzeko erabiltzea arbuiatu behar dugu.
EAEko gobernuaren asmoa oso larria da. Batetik, gobernuak orain arte mantendutako jarrera aldatu delako eta formakuntza EAEn bertan erabakitzeko aukerari uko egin diolako; hau da, dauden beharrizanen arabera eta hemen erabakitako joko arauen barruan prestakuntza antolatzeari uko egin dio. Azken batez, Gobernuak Espainiako ordezkaritza izatea onartu du, kanpoan erabakitakoari men eginez. Bestetik, asmo hori burutzeko lanbide arteko akordio baten fruitu jaio zen HOBETUZ mespretxatu du; kalitatezko prestakuntza eskaintzea eta lanbide-prestakuntza zentroetan garatzea helburu zuen formakuntza eredu propioa.
Eredu kontrajarri bi horien artean, EAEko gobernuak, orain, estatuaren eredua aukeratzea hobetsi du eta Estatuko Administrazioaren mendeko bihurtzea. Beraz, jarrera politikoa erabat aldatu eta transferentzia ez aldarrikatzea erabaki du; nahiz eta horrek lanbide arteko akordioa eta adostutako euskal egitura autonomoa arbuiatzea dakarren. Benetan larria eta kezkagarria.
ELA eta LABek ez dugu onartuko etengabeko prestakuntza sistema perbertitzeko HOBETUZ erabiltzea. Horixe da orain arte mantendu dugun jarrera eta patronatoan izandako azken bileran ere defendatu genuena. Baina EAEko Gobernuari bost axola zaio patronatoan gehiengo sindikala daukatenen iritzia eta HOBETUZ eta bere funtzionamendu araudia alboratzea, Madrilen erabakitakoa aurrera eraman ahal badezake. Argi dago garrantzitsuena etengabeko prestakuntzaz arduratuko diren erakundeek finantzazioa kontrolatzea izango da eurentzat.
Badirudi, euren mendeko interlokuzio sindikala eta euren enplegu politika eta politika ekonomikoei oniritzia emango dien elkarrizketa sozial eredua nahi duela Gobernuak. Horren adibide argia dugu Nafarroakoa, antza denez horren jeloskor dira; baina horretarako, ELA eta LAB parte hartze instituzionaleko erakundeetatik kanpo utzi beharko dituzte, UPNren gobernuak eta CEN, CCOO eta UGTk egiten duten moduan.
Balantzea etsigarria da guztiz; euskal autogobernuaren defentsan, Gobernuak berak konpetentziak bere kasa onartu eta dagokiona Kupotik kentzeko mehatxu egitetik; etsipenera, pultsu politikoa eta iparra galtzera igaro baita.
Eustakio Uranga eta Josu Bilbao. ELA eta LABeko ordezkariak Hobetuz-en.