Jaurlaritzarentzat eta Confebaskentzat herritarren ekimena traba besterik ez da

2016/01/12
Eusko Jaurlaritzari eta patronalari traba egiten die ELAk Legebiltzarrera eraman zuen Herritar Legegintza Ekimenak (HLE); ez dute oztoporik nahi lan-baldintzak okertzeko daramaten bidean. Subrogazioa ere ez dute nahi, ez baitie aukera ematen lan-baldintzak eta aurrekontuak murrizten jarraitzeko.

Zer da subrogazioa? Azpikontratetan diharduen jendearentzako lanean jarraitzeko bermea, enpresa nagusiak aldatzea erabakitzen duenean. Subrogazioarekin langileek beren postuan jarraituko lukete eta enpresa berriak ezin izango lieke baldintza okerragorik ezarri. Confebasken ustez ELAren HLEa “disparatea” da; hala esan zigun. Bere aldetik, gobernuak ez du nahi HLEa galga izatea herrilanak eta zerbitzuak gero eta merkeago banatzeko.

ELAk legegintza-ekimena bultzatu zuen azpikontratazio publikoaren baldintza-agirietan klausula sozialak sar zitezen. Hiru eratako klausulak: subrogazioa, euskal esparruko lan-hitzarmen bat aplikatzea eta zigorrak, baldintza-agiriak betetzen ez dituzten enpresentzat. Aldaketarik ez badago, EAJk, PSE-EEk, PPk eta UpyDk aurkako botoa emango dute; EH Bildu da alde dagoen indar politiko bakarra.

ELAk ohartarazi nahi du Legebiltzarraren erabakia oso kontutan izango duela. Egoera sozial larrian gaudelarik, aintzat hartuko genituzke eskubide sozial eta laboralen aldeko zinezko ahalegin politikoak. Gasteizko parlamentuak HLEari buruz erabakitzeko ahalmena du. Baiezkoa emanda milaka eta milaka langile hobeto babestuta egongo lirateke, ezegonkortasunetik, soldata jaitsieratik eta gizatasunik gabeko lanetik. Behar-beharrezkoa da herritarrek oro har eta zehatzago langile-klaseak jakitea alderdiek zer egiten duten aitzakiarik ez dagoenean; argi ikustea prekaritatea “Madrildik” ote datorren ala Gasteizen erabakitzen den. HLEa babesteak edo ez definituko du Eusko Jaurlaritzaren benetako enplegu-politika zein den. Kontra eginez gero, gobernua patronalik erreakzionarioenaren aldean kokatuko da; patronal honek dio gure jendeak edozein enplegu onartu behar duela, baldintza miserableak eskaintzen zaizkionean ere. Eta benetan dira miserableak! Ezezko botoak egoera hori dakar.

EAJ eta PSE-EE kezkatuta omen daude lan prekarioarekin, eta nabarmentzen dute ez zutela PPren erreforma laborala babestu. Haatik, ELAren ustez politikaren neurria ez dute hitzek ematen, ekintzek baizik. Eta beren ardurapean dauden esparruetan prekaritatea ari dira ezartzen.

Oraingoan ezin dute esan Madrilek derrigortuta jokatzen dutenik. Legebiltzarrak erabakia har dezake… baina alderdiok ez dute nahi. Parlamentua “burujabea” da eremu honetan, baina EAJk, PSE-EEk, PPk eta UPyDk beren erabaki “burujabea” patronalaren interesen zerbitzura jartzen dute, eta aurrekontu murriztuen bidean. Aipatutako lau alderdiotako batek ere ez du esan ELAren salaketak faltsuak direnik. Esaterako, agerian utzi dugunean Eusko Jaurlaritzak emandako herrilanetan enpresek langileei 12 orduko lan-egunak inposatzen dituztela, orduko 5 euroren truke.

Alderdi hauen erabakiak alarma piztu behar du oraindik ere subrogazioaren babesa duten sektoreko langileen artean. EAJko legebiltzarkide batek esan zigunez, “ez dugu subrogazioa onartzen, bestela ezinezkoa bailitzateke hasierako prezioz azpitik lizitatzea”. Beren asmoa da murrizketa “isilak” egitea, egunkarietan agertu ez baina besteak bezain latzak direnak. ELAren iritziz, esaldi horrek adierazten du subrogazioa araututa duten sektoreekiko ere jarrera oso oldarkorra dagoela. Enpresa handiek enplegua babesteko figura horiek desagertzea nahi dute, soldatak areago jaisteko. Ezin dugu ahaztu patronala baliatu egiten dela ultraaktibitatearen amaieraz guri xantaia egiteko, hitzarmenetatik komeni zaizkion gaiak kentzeko… eta subrogazioa da gai horietako bat. Jaurlaritza eta Confebask bat datoz subrogazioa esparru guztietan ezabatzeko helburuari dagokionez. Horregatik egiten die traba gure legegintza-ekimenak.

EAJri eta PSE-EEri ez zaie gustatu ELAk argitara ateratzea HLEari buruz bi urteotan eurekin izan ditugun bileretan esan dena. Legebiltzarreko taldeekin, Enplegu sailburuarekin, alderdi politikoekin izandako bilerak… Eta izan zezaketen erreakziorik okerrena izan dute: mezularia akabatu nahi dute. Eurentzat arazoa ez da duintasunik gabeko lan-baldintzak izatea; gogaitzen dituena da hori agerian uztea eta beren konplizitatea salatzea. ELA Legebiltzarrera ponentzia batean parte hartzeko gonbidatu zuten, eta epelak bota zizkioten. EAJren ordezkariaren ustez, “ELAko militanterik onena Mariano Rajoy da” (?); bestalde, PSE-EEko ordezkariak esan zuenez, “funtzionarioen enpleguak finkoak direnez eta banatzerik ez dagoenez, bana dezagun azpikontratetako lana”. A zer astakeria! Ez dute gertu sentitzen beren politikak langileei eragiten dien sufrimendua!

ELAren HLEak 110.000 lagunen babesa jaso zuen. Gasteizko Legebiltzarrean sartu diren legegintza-ekimenen artean sinadura gehien bildu du. Halere, hasieratik oztopoak besterik ez dizkiote bidean jarri.

Parlamentuan sartu bezain pronto, Jaurlaritzak ekimena geldiarazi egin nahi izan zuen. Aurkako txosten bat egin zuen. Bigarren ahalegina Bizkaiko Foru Aldundiarena izan zen; eztabaidara onartu ez zedin eskatu zuen berak ere. Arbitraje Batzorde batek, bertan epaile bat zela, derrigortu zuen aurrera egitera. Gasteizko gobernua eta Bizkaiko Aldundia agerian geratu ziren, eztabaida eragozteko seta horrekin.

Gai honetan, gezurra badirudi ere, alderdien baitan dauden hainbat interesek bultzatzen ditu ezezko botoa ematera: ez dute onartzen lan sindikalaren esparru autonomorik; proposatzen duena ez da “gure aldekoa”, ikuspuntu politiko alderdikoi eta kaskarraren arabera; botere politikoaren zati handi batek harreman klientelarra nahi du agintetik kanpo dagoen ororekin; patronalarekin gero eta areago partekatzen dituzte interesak; azkenik, aurrekontuak murriztu nahi dituzte aurrerantzean ere.

Pentsamolde politiko hau oso arriskutsua da ikuspuntu demokratikotik. Eta noski, praktika politiko honek kaltedun ugari uzten du, betiere langile-klasean. Zoritxarrez, HLEari emandako erantzunak adierazten du politika zahar eta neoliberal honi ez diotela inolako eduki sozialik eman nahi.

Bitxia da: gero eta okerrago bizi gaitezen inposatzen digute; gaur lanean hasten diren gazteei, batik bat emakumeei, beren gurasoek zituztenak baino baldintza okerragoak ezartzen dizkiete, eta eurekin fidatzeko eskatzen digute. Horrela ezinezkoa da. Pairatzen ari garen gainbehera laboral eta sozialari aurre egin nahi ez dion klase politikoak ez du konfiantzarik merezi. Halere, nahi izanez gero, oraindik garaiz dabiltza.