Jose Elorrieta: "Gurekin izan arte"
Lizarra-Garazi Adierazpenaren aurreko hilabeteetan Ibaeta erreferentzia bat bilakatu zen euskal presoen eskubideen defentsan. Zortzi urte geroago, azaroan, gizarte-, ekonomia- eta sindikalismo-arloetako erakunde askok foro bat sortu dugu han, erreibindikazio horren bultzagile izan dadin. Denbora aipatzen dugun guztietan konturatzen gara zenbat urtetan mobilizatu izan garen eskubide horiek betearazteko. Aspaldian orain baino une larriagoetan aldarrikatu dugu gure eskaria; horregatik, gaur egun aiseago zabaldu beharko genuke gure mezua, besteak beste, giro politikoa aldekoago daukagulako, eta erreibindikazioaren inguruan askoz jende gehiago bildu delako.
Ibaetako erakundeok manifestazio bat egiteko deia zabaldu dugu. Bilbon egingo dugu datorren larunbatean. Berriro kaleratuko gara presoak gurera ekartzeko, eta haien eskubideen alde agertzeko. Hala egin dugu orain arte Etxerat-ek deituriko agerraldietan, hileko azken ostiraleetan; eta hala egingo dugu larunbatean nazio-mailako manifestazioan.
Errepresioz kontrako erakundeek, ongintzako elkarteek eta presoen senideen elkargoek etengabe jartzen gaituzte jakinaren gainean, etengabe ematen digute aditzera presoen, haien senideen eta lagunen egoera mingarri eta negargarriaren berri. Ez dugu hemen berriz ere esango datu eta argudioen sorta luzea, eskubide-urraketak argiroago ikusten laguntzen badigute ere. Guri egoeraren balioespen politikoa egitea dagokigu. Eta gure analisia oso erraza da: Espainiako eta Frantziako estatuak pertsona horiez baliatzen ari dira, mendekuaren gatibu erabiltzen dituzte, xantaia politikoa egiteko gordailu gisa. Eta gainera, Zuzenbidezko estatu batek eduki beharko ez lituzkeen erregimen berezien menpean dituzte, oso baldintza gogor eta jasangaitzetan.
Espainiako oraingo Gobernuaz, gobernu sozialistaz, zera esan daiteke: "ez hitz gaiztorik, ez ekintza onik". Itun antiterroristaren alderdirik larrienak eta errepresiboenak indarrean daude oraindik ere, ez baita beharrezkoa, indarrean egoteko, bi alderdi politikoek aldiro-aldiro bilerak egitea. Itunaren itzala zabala bezain beltza da, eta auzitegietan ez ezik (ikusi besterik ez dago 18/98 auzia), beste hainbat lekutan antzeman dezakegu: espetxeetan, Estatuko aparatuetan, komunikabide askotan eta beste gizarte-eragile batzuetan... Eta horrela, bidegabekeriak egitearen poderioz, gezurrezko iritzi-egoerak sortzen dituzte presoei buruz, besteak beste, euskal presoek pribilegioak dituztela preso arruntekiko.
Bistakoa da presoek, askatasunik gabe egotearen ondorioz, babes gutxiago dutela. Horregatik, hain zuzen, estatu demokratikoek berme gehiago eskaini beharko liekete, eskubide guztiak erabiltzea izan dezaten: gartzelatik ateratzeko eskubidea, espetxe-onurak, osasuna, etxetik gertu egotea, ikastea, gurasoak duintasunez izatea, ama-hizkuntza erabiltzea... Ez dira gai korapilotsuak, eta horrela adierazi ditugu Ibaetako azaroaren adierazpenean. Ildo horretatik, lasai asko esan dezakegu presoen egoera sistema politiko baten osasuna islatzen duen neurgailu paregabea dela; izan ere, hamaika adierazpen baino gehiago balio du. Ba, Espainiako Estatuan neurgailu horrek zero azpiko tenperatura markatzen du, garbiketa-politikak aplikatzen ari baitira, errepresioz kontrako elkarte batek orain dela gutxi esaten zuen moduan.
Testuinguru politikoa zein den ikusita, honelako salaketak eta erreibindikazioak plazaratzeko dugun garai hau abagune historikoa dela esan dezakegu. Euskal Herriak irtenbide bat behar du, irtenbide demokratikoa. Eta presoak irtenbide hori urratzeko ezinbesteko tresnak dira. Sakabanatze-politika amaitu, presoen eskubideak bete eta eztabaida politikoetan parte hartzeko aukera izatea urrats sendoak izango lirateke denok nahi dugun bakea hurbilago ikusteko. Presoen eskubideek ez dute zertan geratu prozesu politikoen menpean. Aipaturiko gaiak beteko balira, askoz errazago ekingo geniezaieke beste batzuei.
Azkenik, gure lurraren etorkizuna gogoan izanik, gaur egun errepresio-aurkako arlotik eta ongintza-arlotik bideratzen diren indar guztiak, epe laburrera, herrigintzara bildu behar ditugu, gure gizartearen zati handi batek hala eskatzen du-eta.
Hori guztia kontuan izanik, datorren larunbatean, Bilboko kaleetan, «Euskal Presoak Euskal Herrira» oihua lau haizeetara zabalduko dugu berriro, preso guztiak gurekin izan arte.
Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusia