Justizia arrotza

2006/07/02

Urteak dira Gorka Agirre ezagutzen dugula. Harreman sarrienak joan den hamarkadaren erdialdetik aurrera izan genituen. Beste askotan bezala, ez zen giro orduan ere, gure herrian. ETAk berean jarraitzen zuen; "demokraten" esparruan, Ajuria-eneako itunaren karietara, ezker abertzalearen isolamendua zen lege, eta, ELA ez beste, inor gutxi ausartzen zen lege hori hausten.

Giro itogarri hori arindu eta haizeberritu zen EAJren zuzendaritzako hiru laguneko aitzindari-taldeak (Juan Mari Ollora, Joseba Egibar eta Gorka Agirre berak osatzen zuenak) isolamenduaren ortodoxia antzuari uko egin, eta abertzaleen arteko komunikazioaren eta, ahal zen neurrian, elkarlanaren alde egin zuenean. Kazetariren batek, erdeinuz, el trío de la bencina deitu zuen hirukoteak emandako urratsek, besteak beste, ahalbidetu zuten gure azken aldiko historian mugarri izan den Lizarra-Garazi. Une pozgarria izan zen hura gehienontzat eta, nola ez, Gorka Agirrerentzat, aro armatuaren amaia baitzuen kezka, eta abertzaleen arteko elkarlana, xede politiko.

Orain, protagonismoa inoiz maite izan ez duen gizona zorigaiztoko protagonista bihurtu dute Grande-Marlaska epaileak eta Rodríguez Zapatero presidentearen agindupean dagoen fiskalak, ETAren laguntzaile izatea leporatuta. Euskal errealitatea Madrilgo hedabideetatik ezagutzen dutenek ontzat hartuko dute, seguruenik, Gorka Agirreren aurkako salaketa. Are gehiago, askorentzat Grande-Marlaskak, bere karguaren ondar egunetan, nazionalismoaren ontzi komunikatuen tesiarentzako froga ukaezina, behin betikoa, aurkitu izango luke.

Guk, aldiz, ez dugu Gorkaren aurkako salaketa sinisten, ez delako, inondik inora, sinestekoa. Eta ziur gaude ez duela sinisten euskal errealitate politiko eta soziala bizi duen inork.

Agerian geratzen da, berriro, justiziak gurean duen sinesgarritasun urria. Bere politizazioa eta mediatizazioa (hau da, hedabideekiko lotura) aipatzen dira, besteak beste, sinesgarritasunik ezaren arrazoitzat. Guk beste arazo bat aipatu nahi dugu: justizia arrotza da gurean, eta ez soilik euskal hiztunontzat. Bere ikusmoldea, errealitatearen pertzepzioa eta balorazioa ez datoz bat gure herriaren zati handi batek duen ikusmolde, pertzepzio eta balorazioarekin. Egunkaria edo 18/98 auzia, Arnaldo Otegiren hitzaldien debekua, edota gaur salatzen dugun Gorka Agirreren auzipetzea euskal gizartearen eta justiziaren ikuspegien artean dagoen eten sakon horren adierazgarri dira.

Sinesgarritasun arazoa du, beraz, justiziak gure herrian. Baina arazo are larriagoa dugu euskal herritarrok arrotz den eta molde eta kategoria arrotzez epaitzen gaituen justizia honekin.

Jose Antonio Cestona, Jose Elorrieta eta German Kortabarria