Justizia espainolaren froga (Astekaria 151, editoriala)
Laster antzeztuko omen da Madrilen Espainiako sistema demokratikoak izan duen hankasartze judizialik larrienetakoa, PPren gobernuak bultza zuen krimina- lizazio orokorraren ondorioa: 18/98 auziaren epaiketa, Auzitegi Nazionalak euskal herritarrak tarteko zirela inoiz egin izan duen handiena. Oraingoz 220 lagun daude prozesu horren baitan, ETAko kide izatea leporatu zaielako.
Berdin da erakundearen izena: Egin, Xaki, Ekin, Zumalabe fundazioa, Udalbiltza, Batasuna, Haika, Amnistiaren aldeko batzordeak& ETArekin zerikusirik ez duen hainbat eta hainbat lagun espetxera joateko arriskutan dago, edo bertan jarrai dezake (auziperatutako batzuk lau urte daramate kartzelan, epaiketaren zain).
Zer gertatu da horrelako astakeria batera iritsi ahal dadin? Espainiako botereek ez dute ekintza zehatzik ikertu, talde edo erakunde horien kideen bila abiatu dira besterik gabe: ez dago ETAri dirua edo informazioa eman beharrik, ezta zertan lagundu ere. Nahikoa da Haikakoa izatea, edota Eginen ardurak izatea, ETAko kide zarela frogatzeko, Auzitegi Nazionaleko epaile eta polizien arabera. Tesi horri jarraiki, zeharkako partaidetza, norberak nahi ala ez, jakin ala ez, berez datorkio ezker abertzaleko hainbat taldetan diharduen edonori.
Beraz, ezin larriagoa da gehiegikeria politiko eta judizial honek estaltzen duen injustizia, eta zuzenbide penalaren oinarriak hankaz gora jartzen ditu. ELAk bat egingo du 18/98+ ekimenaren modukoekin, hori salatu nahi du, parte hartze eta politiko eta elkarteak eratzeko oinarrizko eskubideak ezin direla hankapean hartu. Garzon eta horrelakoek hain ozen aldarrikatzen duten eskubide politikoen defentsa eta zuzenbide estatua ez baitira soilik konstituzioaren aldeko jendearentzat, herritar guztientzat baizik.