Justizia kendu eta legea uzten digute
Osasunerako eskubidea ukatzeko ez dago argudiorik. Horregatik, gobernuaren erabakia onartu ezinekoa da, edozein oinarri etiko eta demokratiko aintzat hartuz gero: gizarte-kohesioari eta solidaritateari kalte egiten dio, eta giza-eskubideen adierazpen unibertsaleko 22. eta 25. artikuluak urratzen ditu.
Osasungintzako murrizketa hau atzerapauso bat da, iraganera itzultzea esan nahi du. Orain arte erroldatuta egoteak herritar izateko nolabaiteko aukera ematen zuen, eta horrenbestez edozein gaitz jasanez gero osasun-arreta jasotzeko bermea zen. Orain, berriz, beste sistema bat ezarri nahi dute, non eskubidea Gizarte-Segurantzako kotizazioekin lotzen baitute.
Hots, Estatuak oinarri-oinarrizko eskubide bat, osasun-arreta izatekoa, baztertu egiten du, eta baldintza jakin batzuren menpe jartzen du. Espainiar agintariek ez dute osasun-sistema publikorik nahi, are gutxiago unibertsala bada. Osasun arloan pribatizaziorako guneak hedatu nahi dituzte, eta sektorerik ahulenei ekiten diete hasteko. Hauxe salatu dute, hain zuzen, gizarte-erakunde askok eta osasungintzako langileek; hauen guztien aldarrikapena: gaixo dagoen pertsona gaixo bat da, edonongoa dela eta itxura fisiko desberdina duela ere, eta ezin da alboratuta utzi.
PPren Gobernuak murrizketa arrazoitzeko saihestu egiten du datu bat, paperik gabeko immigranteek ere Estatuaren kutxetara egiten duten ekarpena. Pertsona hauek guztiek, duten nazionalitatea dutela ere, paperak izan ala ez, hemen bizi dira eta berton erosten dute, hots, BEZ eta beste zerga batzuk ordaintzen dituzte.
Horrenbestez, PSOEren eta PPren gobernuek ongizate-estatua eraisteko agertokia prestatu dute. Honen froga, PPren gobernuak osasungintza publikoaren arloan erabaki dituen murrizketak: estaldura gutxitu eta osasun-sistemaren kalitatea okertu da.
Murrizketa hauek itotze politika baten baitan datoz: lehenago ere gizartean eta lan-merkatuan prekarietateak ozo zigortuta daukan kolektibo bat estigmatizatzea eta jopuntuan jartzea da helburua; aldiz, krisiaren benetako zergatiak eta hauek eragin dituzten arduradunak ez dira inondik ere ukitzen.
Halako erabaki larriak ikusirik, ELAk Euskal Herriko erakunde politikoei eskatzen die dagokien esparruan ez dezatela aplikatu espainiar Gobernuak ezarritako murrizketarik. Nabaria da Patxi Lopezen gobernuarentzat auzia juridikoa dela, ez politikoa; izan ere,oraingoz iragarri duen ekimen konkretu bakarra Konstituzio Auzitegian eskumen-arazo bat sartzea izan baita. Bestela ere azal daiteke: gatazka saihestu nahi dute.
Gasteizko eta Iruñeko gobernuek ez dute murrizketa hauen aurkako jarrera instituzionalik hartu. Ez zuten hartu ere oinarrizko errenta edo diru-sarrerak bermatzeko errenta murriztu zutenean; erabaki horien ondorioz milaka eta milaka herritar gizartetik baztertuta geratu da.
Horregatik, ELAk gizarteari dei egiten dio lege hauen aurka ager dadin, giza-elkartasunezko adierazpide ororen aurkakoak baitira, eta egin diezaiola aurre ongizate-estatua suntsitzea bilatzen duen eraso honi. Hots, lege gutxiago, justizia gehiago.