Bridgestone: Justizia saihesteko trikimailu zaharra
Hau da, enpresak bultzatu zituen kaleratzeak merke eta azkar egitera, eta administrazioak erabaki horiek ezin zituen mugatu. Gainera, jakinik halako egoeretan lantalde antolatuak beren enpleguaren alde mobilizatzeko prest izango zirela, erabaki horiei aurre egiten dien jendea zigortu eta kriminalizatzeko legea ere egin zuten. Ordutik hona Madrilen izan diren zenbait gobernuk bere buruaz esan dute "historiako progresistenak" zirela, baina Rajoyren erreforma indarrean da aipatutako gai guztietan.
Horrenbestez, langileen ordezkariak testuinguru horretantxe izaten dira kaleratzeak iragartzen zaizkienean; gidoia hau izan ohi da:
- Zuzendaritzak aldez aurretik bere helburuak definituta ditu: zenbat langile kaleratuko dituen eta horrek eragingo dion kostu ekonomikoa.
- Enpresak prozesu bati ekiten dio zeinetan "fede ona" agertu behar duen, eta malgutasunez jokatzen duela pentsarazteko bere posizioa nolabait egokituko du. Esaterako, haren helburua bada 200 lagun kaleratzea, espedientea irekitzean kopuru handiagoa emango du, azkenean helburu horretaraino jaisteko.
- Prozesuan zehar enpresaren helburua da ordezkarien gehiengoak espedientea onar dezan lortzea, horrela epaileek ez baitute egoera aztertuko, ez eta erabakiko ere ea zergatiak benetakoak diren. Sinadura lortzeko mezu bat emango du: Langileek ulertu behar dute akordiorik ez badago ondorioak are okerragoak izango direla; kalteordainak, txikiagoak, etab.
Eraso hauen aurrean sindikatuek bi jarrera har ditzakete: Batzuek uste dute enpresaren erabakiak ontzat eman behar direla eta komeni dela kaleratzeak adostea. Enpresako arduradunek badakite kaleratzeen kontsulta aldia bukatu aurretik sindikatuokin akordioa iritsiko duela. Hori bai, negoziazioa antzeztu beharra dago, bai baitakite sindikatu horiek ez dutela auzitara joko edota negoziazio epe legaletik haratago ez dutela greba mugagaberik hasiko. Horixe gertatu da Bridgestonen. Enpresa honek aurtengo lehen hiru hiletan 464 milioi euroko etekinak pilatu ditu, baina apirilaren 1ean Basauriko eta Kantabriako Puente San Migueleko lantegietan 546 kaleratze iragarri zituen; CCOOk, UGTk eta BuB-k hilabete eta erdiren buruan 420 langile kaleratzea adostu zuten. Guk, ordea, ez dugu prozesurik onartzen negoziazioa itxura hutsa denean eta langileak xantaiaren eta etsipenaren menpe jarrita bozkatzera behartzen dituztenean.
Guztiz bestelako jarrera izaten du ELAk. Lehentasuna da kaleratzeak egiteko asmoa dutenen plangintza aldaraztea. Mobilizazioak hasten ditugu, enpresei kaleratzeek eragin diezaioketen kaltea baino handiagoa eragiteko asmoz (produkzioan, emaitza ekonomikoetan zein irudi onean) eta borroka judiziala prestatzen dugu, kaleratzeak indargabetzeko arrisku legala sortuz. Izan ere, soilik orduan, enpresak ziur ez dakienean langileak kaleratzeko modurik izango ote duen, hasten baita benetako negoziazioa: ondorioz, kaleratzeak ekiditen dira edo kalteordainak asko hobetzen zaizkie langileei.
Duela zenbait urte ELAk lantalde espezializatu bat sortu zuen kaleratzeei aurre egiteko; prozesu bakoitzean ikasitakoa baliatzen da langileak gero eta hobeto defenditzeko. Mobilizazioa, greba eta talde juridikoaren lana medio emaitza onak bildu ditugu. ELAk lanpostuak bermatzen ditu, borrokatzeko animoa ematen du eta, batez ere, kaleratzeko xedea duen legediari aurre egiten dio. Ez dezala inork espero ELAk langileen kaleratzean laguntzea; sindikatu hau beti jarriko da lanpostuaren alde borrokatzen direnen aldamenean.