Kataluniako eredu mingotsa
Bi urteko ibilbide malkartsu baten ostean aurreko igandean Kataluniako biztanleek PSOEk eta CIUk adostutako edukin sakonik gabeko Estatutu eskasa onetsi zuten. Kataluniako lagunek zilegitasuna eman diote Artur Masek eta Zapaterok Moncloako jauregian egositako trikimainari eta aurki indarrean izango den Estatutu berri bat erdietsi dute; bejondeiela!
Hango prozesuaren azterketa sakona burutzeko hilabete batzuk igaro beharko diren arren, bi urte luze hauetan Katalunian bizi izan diren gertakari guztiei euskaldunok atarramentua ateratzeko parada ederra daukagu, izan ere Kataluniako alderdiek aitzindariak izan baitira euren status juridikoa aldatzeko saiakerak egiten eta beraien erabakitzeko eskubidea abian ipintzeko ahaleginaren porrota ikusita, guk nekez ahazten ahal dugu bertan gertatutakoa eta halabeharrezko ikasbide bezala ikus dezakegu.
Lehenik eta behin, nazio baten burujabetasuna abian jartzea eta Konstituzioaren magalean dagoen estatutuaren bidea jorratzea bateraezinak direla beldurrik gabe ondorioztatu daiteke. Josu Jon Imaz jeltzaleak aurkakoa esaten ba du ere, Kataluniako biztanleei ez zaie aitortu beraien etorkizuna erabakitzeko eskubidea, Espainiako Legebiltzarrak azkeneko hitza izan baitu Kataluniako Legebiltzarraren gehiengo osoak erditu zuena erdeinu osoz murriztuz.
Hortaz, Madrilek prozesuaren nondik norakoak zuzendu eta lekutan utzi du Kataluniak nazio bat osatzen duenaren aitortza. Horrek esan nahi du Kataluniako abertzaleen nahiak zilegiak ez ote diren edo demokraziaren bidez asetzea ezinezkoa denik? Inondik ere, baina epe ertainean beste bide batetik joan beharko dira eta ez PSOEren larderiak agintzen duen bide estu bezain ilunetik. Estatu arrazoiak, aske izateko nahiak mendean hartu eta gainera erreformaren burua izan den Paskual Maragallen burua sakrifikatu du.
Beraz, estatuaren indarra ez ezik Kataluniako alderdi abertzaleen ahultasuna ere agerian geratu da. Izan ere, alde guztien artetik joko arauak errespetatuko direnen bermeak ez badira aldez aurretik lortzen eta adosten Estatuen atzaparretan erortzea saihestezina suertatuko da.
Kataluniak esku artean zeukan aukera historikoa ez du profitatu eta euskaldunoi antzekoa gerta ez dagigun beraiei egindako iruzurra ikasbide beharko litzateke. Euskal Herria bere etorkizuna baldintzatuko duen ataka handi baten aurrean dago eta abertzaleok bide bat besterik ez daukagu, alegia Katalunian landu ez dutena: jendartearen esparru zabala antolatu burujabetasunaren ideiarekin bat egin dezan, abertzaleen arteko indar metaketa irmotasunez sendotu eta estatuen aurrean mesfidantza areagotu beraiek zein Europako Batasunak jartzen dituen hesiak gaindituz, Montenegrok erdietsitako lez.
Gorka Vierge, Erriberako ELAren arduraduna.