Klase negoziazioa. (Astekaria 181, editoriala)
Sinatu berri den Euskal Autonomia Erkidegoko Udaletako langileen hitzarmena, hitzarmen ona da, bere eraginpean dauden beharginentzat ezartzen diren baldintzak onak direlako. Astekari honetan ematen da dituen edukien berri zehatza.
Hitzarmen on honetan zerbait nabarmentzekotan, zuzenean hitzarmenaren aplikazio esparruan ez dauden langileen mesedetan ezartzen den subrogazio eskubidea nabarmendu beharko genuke. Hau da, udal langileek formalki udal langile ez diren azpikontratetako langileen mesedetan inposatu duten eskubidea.
Udal langileen mezua garbia izan da: ez dugu onartzen pribatizazio politikaren ondoren hedatu den udal zerbitzuen eta udal langileen zatika-tze eta sakabanaketa.
Azpikontratetako langileak lankidetzat hartu dituzte, eta Udalei langile horiei zor dieten ardura galde egin diete.
Aldarrikapenaren arrakasta ez da berez etorri. Negoziazio luzea izan da, korapilatsua, etenaldi eta gorabehera anitz izan duena, presio ekintzak han eta hemen behar izan dituena. Halaber, prozesuan zehar ELAko udal administrazioko militanteek garbi izan dute negoziaketa korporatibo hutsa gainditu behar zela eta hitzarmenak "beste" udal langileek hots, azpikontratetakoek pairatzen duten enpleguarekiko prekarietate eta berme ezari aurre egiteko ere balio behar zuela. Eta erronkari eutsi egin diote.
Hortaz, sindikatuak langile multzo jakin baten elkarte korporatibo izateari uko egin eta klase sindikatua den sindikatuari dagokion negoziazioa garatu du. Sindikatuak, benetan, klase organizazioa bezala jokatu du. Bere ezintasun eta akatsekin ere, EAEko udal langileen hitzarmena urrats esanguratsua da ELAk garatu nahi duen negoziazio ereduaren bidetik.