Konponbide irrikan (Astekari 182, editoriala)
KONPONBIDE GARAIA DA goiburupean egingo den manifestaziorako deialdiak eragile politiko eta sindikal anitzen babesa jaso du. Talde diferenteak dira, bakoitzak bere ikuspuntu eta interesak ditu. Halere deialdi bateratua egiteko gauza izan dira.
Deialdia giro nahasian luzatu da. Igor Angulo eta Roberto Saiz-en heriotzek eragindako zirrara ez da ahaztu, haien omenezko ekitaldien errepresioak eragindako ubeldurak ez dira desagertu, martxoaren 9aren inguruan eragileen artean sortutako sestren arrastoa hor dago oraindik... Eta hori gutxi balitz, Grande Marlaskaren jazarpen bidegabe eta neurrigabeak, egun hartakoak aitzaki, bi herritar gartzelaratu ditu, eta beste biri (manifestazioaren sustatzaileak biak) espetxea saihesteko dirutza handien bermea exigitu die.
Giro nahasia, beraz, errepresioaren ondorenak girotutako egoera hau.
Horrelako giroan errepresioaren aurkako aldarrikapena nagusitu ohi den arren, Apirilaren 1erako manifestazioa deitu duten eragileek mezu eraikitzailea hobetsi dute: konponbide garaia da, jarri dute goiburuan, eta konponbide hori gauzatzeko proposatzen dituzten osagarriak zehaztu dituzte ondoren: Euskal herria, erabakia, adostasuna.
Konponbide irrikan da gure herria eta ez du konponbiderik antzematen inondik, han eta hemen, konponbiderako borondatea iradokitzen duten keinuak egiten bazaizkio ere; aldiz, ba dirudi konponbidearen aurkako indarren esanak eta ekintzak ari direla nagusitzen.
Kezka horrek azkartu du, ziurrenik, eragileen urratsa eta, ñabardura hutsak baino zerbait gehiago diren elkarren arteko desadostasunak baztertuta, herritarren aldarrikapena jaso eta herritarrei aldarrikapena kaleratzeko aukera eskaini diete.
Jaso bezate, beraz, Bilboko kaleek apirilaren 1ean, konponbidearen aldeko jende uholdearen aldarria.