Kontsulta? Antzerki erretolika

2007/09/10

Estatuak badaki Ibarretxeren gobernua musean karta onik gabe ari dela jokatzen, eta horrela partida beti irabaziko diola. Antzezpen garaitan gaude; komunikabideetan azaltzen den ia guztiak kutsu teatral nabarmena dauka. Ia guztia esan dugu, izan ere, Espainiako Gobernuak euskal lurraldeari buruz duen borondatea benetakoa baita; hori ez da aldatzen, eta bete egiten da.

Hobetuz daukagu berriro mahai gainean. Gai sozialak ezin neurri hobea ditugu alde bien benetako borondatea zein den ikusteko. Estatuak langileen prestakuntza EAEren esku uzteko aukera ukatu egin du, eta boikota etengabekoa izan da. Boikota hurrenez hurren PPren eta PSOEren gobernuek egin dute, batetik, eta CCOOek, UGTk eta patronalak, bestetik. Estatuko ereduaren ezaugarri nabarmena, sindikatu horiek eta patronalak prestakuntza eta honetara bideratzen diren diruak eurek kudeatzen dituztela.

EAEn duela hamabi urte eredu horri uko egin genion eta beste sistema bat eratzeko ausardia izan genuen, indarrean zen legeriaren ustezko babesean, eta xedetzat langileen prestakuntza beharrizanak asetzea hartuta. Eredu horretan helburuak argi zehaztu behar ziren; kudeaketa gardena ezinbestekoa zen, baita sindikatu eta patronalentzako etekinak saihestea ere. Hobetuz sortu genuen. Espainiako Gorteetan PPk gehiengo nahikorik ez zeukaneko garaian izan ezik, Estatuak Hobetuz finantzatzeko bidea oztopatu egin du, eta areago, ez dio bizitzeko inongo aukerarik eman. Berton ordaintzen ditugun kuoten araberako finantzazioa ukatu egin digute.

Hobetuzi zor zaizkion baliabideak ukatu egin dizkiote, bi arrazoiren ondorioz: lehenik, ez dute onartzen Madrilgoak ez diren beste gehiengoek erabakitzeko eskubidea dutenik, eta bigarrenik, Estatuan erabakitako prestakuntza iraunkorrerako eredua estatu guzti-guztian berdin aplikatzea nahi dute, baita EAEn ere, noski.

2004. urtetik hona Hobetuzek ez du estatuko finantzaziorik jaso, ez baitzuen onartzen finantzazioarekin batera Espainiako eredua onartzera bortxatuta egon behar zuenik. Nolabait esatearren, eskumenen inguruan konpondu gabeko gatazka bat zegoen hor, eta gatazka autonomi-estatutuaren interpretazioari zegokion. Eskumenak behin eta berriz ukatzen zizkiotelarik, Jaurlaritzak iragarri zuen Estatuak ahalmen horiek bere esku uzten ez bazituen aldebakarreko erabakiz bereganatuko zituela, eta Estatuari ordaindu beharreko Kupotik kenduko zuela horrek EAErentzat izan zezakeen kostua. Bada ez, oraingoan ere hau ez da bete.

Amaitu da gatazka. Baina nola? Jaurlaritzak estatuko finantzazioa onartu du, eta horrekin batera Madrilen CCOOek, UGTk eta patronalak erabakitako eredua aplikatzea. EAko Hezkuntza sailburuak Hobetuzen etorkizuna aztertzeko sindikatu abertzaleoi, ELA eta LABi, eskatutako bilera hamaika hilabete atzeratu digu. Nonbait oso lanpetuta zegoen. Baina hainbesteko atzerapenaren ondoren, bileraren emaitza argia eta etsigarria izan da: Madrilekin prestakuntza iraunkorraren inguruan zegoen gatazka politikoa bukatu da.

Jaurlaritzak hori ontzat eman duelarik, hainbat ondorio atera dezakegu: Euskal gehiengo sindikalaren iritzia ez zaio bat ere axola (hau ez da berria); CCOOen, UGTren eta Confebasken mesedetan jokatzen du, EAEko langileen prestakuntza erakunde horien egitura finantzatzeko baliatuko baitute, eta azkenik, orain arte defenditutako mugarri politikoa baztertu egin du; Estatutua osatzeko aldarrikapena hankamotz geratu da. Noraezeko bidaia; ibilbide patetikoa.

Horregatik diogu Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari antzeman diola kartarik gabe ari dela hordagoka. Politikan ikusten dena sinetsi behar da, eta gertatzen ari dena argi dago: esparru politikoa gainditzearen inguruko eztabaida, kontsulta eskubidea gauzatzea edota Azkarraga sailburuak transbertsalitatearen aurka bota dituenak erretorika eta antzezpen hutsa besterik ez dira. Prestakuntza iraunkorraren alorrean Madrilek bere betebeharra aintzat har dezan eta hari aurre eginez posizio bati eusteko gai ez direnak ez dira sinesgarri. Estatuarekin akordiora iritsi nahi dute, baina Estatuak nahi duen eran. Horixe egin dute Hezkuntza sailak (EA) eta Jaurlaritzak. Batetik, Madrili aurre egitearren kideko indarrak bilatzeko asmorik ez daukate; baina bestetik, gainera, gobernu honentzat azkenean gehiengo sindikalak aintzat hartzen dituzten joko-arauak eragozpen bilakatu zaizkio, horrela EAEn eredu hori ezin izango bailukete nahierara garatu. Eragozpen bihurtu direnez, demokraziaren aurka joaz aldatu egiten dituzte. Propaganda gorabehera, hauxe da Jaurlaritzaren jokabidea.

Oraingoan ere, eta ez da kasualitatea gai soziala izatea, Estatuak eta jarrera gotorra dutenek lortu egin dute Jaurlaritzaren ahulezia politikoak nabarmen geratzea. ELAk argi utzi nahi du politika egiteko era honetatik urrun dagoela, eta ez duela sinesten joera abertzale instituzionalen artean ustezko gorabehera estrategikoak daudenik; bistan da Jaurlaritzak egiten duen politika. Azken emaitza, benetan axola duena, penagarria da: Eusko Jaurlaritzak amore eman du lehia politikoan eta prestakuntza iraunkorrari buruz izan duen jarrera baztertu egin du; onartu egin du hemendik aurrera Madrilgo administrazio deszentralizatu huts izatea, langileen prestakuntza estatuan erabakitakoaren arabera gauzatzeko, bide batez bertoko joko-arauak aldatuaz. Hau ELArentzat onartezina da.

Adolfo Muñoz Sanz Txiki, ELAko idazkari nagusiaren albokoa