Kopenhage: klima aldaketari aurre egiteko azken aukera
Dagoeneko uka ezina da klima aldaketa gertatzen ari dela. XIX. mendean industrializazioa zabaltzen hasi zenetik gaur arte planetaren tenperatura 0,74ºC igo da eta azken 30 urteetan prozesua bizkortzen ari da. Igoera honek ondorio latzak ekarri dizkigu: polo eta glaziarren urtzea, itsaso maila igotzea, zonalde baxuenak urperatzea, lehorte eta eurite gogorragoak jasatea, deforestazioa, biodibertsitatea galtzea, nekazaritza lurrak agortzea, migrazioak...
Baina, nola iritsi gara egoera honetara? Industria kutsakorrak eta batez ere garraioak izan duten garapen izugarriaren ondorioz, berotegi efektuko gasen kontzentrazioa hazten ari da atmosferan eta honek tenperaturak igotzea eragin du.
90. hamarkadan arazo honen larritasunaz ohartu ziren zientzialariak. Orduan hasi ziren estatuak bildu eta bakoitzak egin beharrekoaz hitz egiten. Kezka hau Kyotoko Protokoloan islatu zen 1997an. Akordio honen arabera, mundu mailan 1990an igortzen ziren berotegi efektuko gasen %5 gutxitu behar da 2012rako.
Kyoton herrialde industrializatuek bakarrik zituzten murrizketak ezarrita, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) salbu, ez baitzuen akordioa sinatu kutsatzaileena izan arren. Garapen bidean zeuden herrialdeek ez zuten igorpenik gutxitu behar. Baina Kyotoko konpromisoak ez dira bete, eta horren adibide garbiena Hego Euskal Herrian dugu. Zaila da hemen eman den bilakaera baino okerragorik aurkitzea, isurketak %40 igo baitira.
Oraintxe Kopenhagen egiten ari den goi bilera da Kyotoko Protokoloa berriztatzeko momentua. Atmosferako CO2 kontzentrazioa gutxitzeko 1990 urteko emisioak %40 jaitsi behar dira 2.020 urterako. Gaur egun atmosferan dagoen milioi bat partikulako 390 dira CO2 partikulak. Kontzentrazio hau 350era murriztu behar da, horrela tenperatura ez litzateke 2ºC baino gehiago igoko eta klima aldaketaren ondorioak ez lirateke hain katastrofikoak izango.
Bi gai nagusi daude Kopenhageko mahaian. Lehenengoa emisioak jaisteko konpromiso zehatzak hartzea da. AEBetako gobernua ez dago horretarako prest. Europar Batasunak berea besteen konpromisoetara baldintzatzen du. Eta garapen bidean dauden estatuek orain arte bezala jarraitu nahi dute, derrigorrezko murrizketarik gabe. Bigarren iskanbila laguntza ekonomikoaren banaketa da, garapen bidean dauden herrialdeei eman behar zaiena, murrizketak gutxitzeko eta klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko. Abenduko goi bilera aurretik egindako negoziazioek erakusten dute herrialde industrializatuetako gobernuak ez daudela prest dirua jartzeko. Hau horrela izanda, Kopenhageko goi bileraren emaitza porrota izango da. Halakoetan gertatzen den moduan, akordioa egongo da, baina edukirik gabekoa.
ELAk argi dauka klima aldaketaren arazo larriari aurre egiteko aldaketa sakona eman behar dela, bai eredu ekonomikoan eta baita gizarte ereduan ere. Horregatik Kopenhageko bileran emisioen murrizketa handiak eta laguntza ekonomikoak adostea exijitzen diegu gobernuei. Konpromiso hauek hartzea lehen pausua izan behar da benetako aldaketarako, gizateriaren garapen iraunkorrerako.
Ainhara Plazaola
ELAko ingurugiroa