Koronabirusak sektore feminizatuen beharra eta egungo prekarizazioa azaleratu du

2020/03/30
Nahia Fernandez - ELAko Genero Ataleko kidea
Garbikuntza, osasungintza, esku-hartze soziala, etxeko lanak, oinarrizko produktuen salmenta… ia osotasunean emakumeok gauzatzen ditugun lanak ditugu hauek (lan merkatuaren baitan zein lan merkatutik at) eta sistema krisian murgilduta dagoen honetan, berriz ere argi geratu da ezin direla gelditu. Sistemaren unean uneko egoeraz haratago, bizitza zaintzea ezinbesteko lana da, eta bizitzak zaintzeko, zaintzaileak zaintzea ezinbestekoa da.

Egunotan, ordea, zaintza arloko sektore askotan ez dira gutxieneko osasun eta prebentzio neurriak ezartzen ari, eta, ondorioz, zenbait langile euren egoera salatzen ari dira:

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko beharginek, esaterako, ohiko zerbitzua ematera etxeetara joaten direnean zer aurkituko duten ez dakitela salatu dute, eta Norbere Babeserako Ekipo nahikorik ez dutela.

Supermerkatu eta elikagaien salmentan dabiltzan langileek ere, gutxieneko osasun eta prebentzio bermeak bete ezean saltokiak ixteko deia plazaratu dute. Hala ere, tamalez, gaur gaurkoz Mercabilbao bezalako zenbait saltokitan ez da aforoa kontrolatu ere egiten.

Zer esanik ez osasun sisteman lanean dabiltzan erizain, laguntzaile, garbitzaile, edota bestelako osasun profesionalek bizi duten babesgabe egoeraren inguruan…

Greba feminizatuen etenaldia

Osasun krisi honek borrokan harrapatu ditu beste hainbat funtsezko sektore feminizatuetako beharginak, ardura kolektiboaz jokatuz, grebak eten dituztenak.

Honen adibide ditugu Gorlizko garbitzaileak, zeinak soldata-arrakalarekin amaitzeko borrokan zebiltzan pasa den martxoaren 3tik aurrera; edota Gipuzkoako erresidentzietako langileak, zeinak 243. greba egun zeramatzaten aldi baterako bertan behera utzi zutenean, egunotan bakartuta geratu diren egoiliarren zaintza bermatzeko asmoz.

Erresidentzietako langileek aurretik ere salatu izan dituzten egoerak (langile gutxi daudela, gehiegizko lan karga dutela, baldintza prekarioak dituztela…) mahai gaineratzen jarraitzen dute. Izan ere, zaintzaren krisia aspaldikoa dela argi daukate.

Eta bizitzarako funtsezkoak ez diren sektore feminizatuetan zer?

Funtsezkoak ez diren sektoreetan ere, lan feminizatuak bereziki prekarioak izaten dira, eta bizi duguna bezalako larrialdi egoera baten aurrean zaurgarrienak. Honen adibide garbiena salmenta telefonikoaren sektoreak -telemarketingak- utzi digun argazkia dugu. Emakumez jositako sektore honetan, gutxieneko distantzia errespetatu barik lan egitera derrigortzen ari dira beharginak, eta lanerako tresnen inolako desinfekziorik gabe.

Zerbitzuetako sektore feminizatuek ezaugarri komun batzuk izaten dituzte lan baldintzetan: behin-behinekotasuna, jardunaldi partzialak, arrisku psikosozialak edota soldata eskasak, besteak beste. Eta lan-bizi baldintza hauek, noski, langileen antolakuntza sindikala baldintzatu eta zaildu egiten dute modu nabarmenean. Honela, lantegi hauetan nahiz eta beharginak egoera bereziki ezegonkor eta zaurgarrian egon, antolakuntza kolektiborako aukerak oso murritzak izaten dira kasu askotan.

Antolakuntza eta borroka sindikal feministaren beharra

Bizitzarako funtsezkoak diren lanetan, zein bestelako enplegu sektoreetan ere, emakumeok pairatzen ari gara modu nabarmenagoan osasun krisi honen ondorioak. Sektore feminizatuen prekarizazio orokorrak, gainera, larrialdi egoeretan ere gure zaurgarritasuna handitzen du; eta, kasu honetan, sektore feminizatuetako langileok ari gara bereziki nabaritzen lan osasuna prebenitzeko neurrien falta eta babesgabetasuna. Baina badakigu hau ez dela arazo puntual bat, atzetik datorren krisi sistemiko sakon bat baizik. Osasun krisi honek aspaldidanik pairatzen genituen egoerak ikustarazi eta areagotu besterik ez ditu egin, eta larrialdi egoera hau amaitzean sexuaren araberako lanaren banaketak eta zaintza lanen krisia bere horretan mantenduko da.

Sektore feminizatuak sektore zaurgarrienak izanik, antolakuntza sindikala aurrera eramatea zailtzen zaigu askotan, baina badakigu ere, behar eta interes komunak artikulatzen direnean, ahalduntze prozesu feminista potoloak sortu eta aurrera eramaten direla. Eta ezinbestekoa da kolektiboki antolatua eta boteretuta egotea, bizi dugun halako krisi egoera puntualei aurre egin zein sistema zapaltzaile estruktural eta iraunkorrei aurre egiteko.

Sektore feminizatuetan ikus daiteke argien kapitala eta bizitzaren arteko talka, horietan dago giltza. Horregatik, horien lan-bizi baldintzak azaleratuz eta borroka sindikal feministak bultzatuz jarraituko dugu. Bizitzaren alde!