Korralito Foral zaharraren AHTren aldeko plataforma berria

2026/02/20
Korralito Foral zaharraren AHTren aldeko plataforma berria
Ainhara Plazaola Ugarte (ELAko ingurumeneko arduraduna) eta Iñaki Zabaleta Aramendia (Azterketa Bulegoko kidea)
Adamuzeko istripuak agerian utzi du Espainiako Estatuko tren sistemaren egoera. Urrun geratzen dira abiadura handiaren burbuilaren urte haiek, eta gutxi dira ikasitakoak: 65.000 milioi euro inbertitu ziren (aldirietan inbertitutakoa baino 15 aldiz gehiago), 4.000 km (Europako sarerik handiena), mantentze-kostu ikaragarria, ibilbide askotan errentagarritasun eskasa eta abiadura handiko eredu bat, enpresa handiei bakarrik mesede egiten diena eta lurraldea kohesionatzeko balio ez duena. Ondorioz, porrot egindako eredua enpresa handien mesedetan, eta beste trenbide-sistema sozialago batzuen kaltetan. Tamalez, 46 hildako behar izan dira diagnostiko hori egiteko.

Duela hilabete batzuk AHTren Aldeko Plataforma eratu zen Nafarroan. Presio lobby bat da eta bere helburua AHT sozialki legitimatzea eta haren aldeko diskurtsoa sortzea da. Makroazpiegitura hori oso eztabaidatua izan da herritarren artean, ingurumenean eragiten duen kalteaz gain, jasanezina den diru publikoaren xahutzea dakarrelako eta tren konbentzionalaren hondamenaren kontura egiten delako. Beren benetako asmoak ezkutatu edo disimulatzen dituzte, narratiba teorikoa egiten dute, guztien onetik eta gizarte onurekin makillatuta, azkenik, beren interesak eta ezkutuko negozioa inposatzeko. Plataforma horretako kide dira, besteak beste, CEN, Merkataritza Ganbera, Think Tank Instituto Futuro, UGT, Irache Kontsumitzaileen Elkartea eta Osasuna, nahiz eta inork ez duen kontsultatu bere oinarri sozialarekin.

Plataformaren kideak Erregimenaren edo Korralito Foral delakoaren parte izan ziren berberak dira, urte luzez Nafarroako gehiengoaren interes sozialen gainetik Nafarroako elite ekonomiko, enpresarial eta erlijiosoen interesak lehenetsiz gobernatu zuen sare hura. Otsailaren 21ean Iruñean egingo den manifestazioari begira “AHT Gelditu” egiten ari den kanpaina gai izaten ari da Nafarroan AHTren hariak mugitzen dituzten pertsonei izen-abizenak jartzeko, Korralito Foralaren parte ziren abizen berberak.

Zoritxarrez, eta Espainiako Estatuko egoerak erakusten duen bezala, AHTak ez ditu Nafarroako mugikortasun arazoak hobetuko, Nafarroako trenbide sistema okertuko du. Espainiako patronalak berak aitortu du AHTak ez duela balio merkantziak garraiatzeko. Abiadura handira bideratutako euro bakoitza, ohiko trenaren mantentze-lanetatik eta modernizaziotik kentzen den euro bat da. Eta ohiko trena da lurraldea egituratzen duena eta erabilgarria dena bai pertsonentzat bai merkantzientzat.

Gainera, AHT ez da langile klasearentzat pentsatutako zerbitzua. Bere tarifak, erabilera logika eta ibilbideak ez diete klase herrikoien beharrei erantzuten, benetan behar dutena gertuko garraio publikoa baita. Proiektu honek mugikortasunerako sarbidean desberdintasunak areagotzen ditu eta geltokia duten hirietatik kanpo geratzen diren eskualdeen despopulazioan laguntzen du, ez baitie zerbitzu erabilgarririk ematen bertako biztanleei eta landa eremua baztertzen baitu.

AHTren benetako motorra ez da lurraldearen kohesioa, ezta jasangarritasuna ere, benertako arrazoia hura eraikitzeko negozioa da, lan-prekarietatearen kontura, lan-istripuetako heriotzen kontura eta hainbat hamarkadatako mantentze kontratuen kontura.

Bitartean, gehiengo sozialak aldiriko trenen, eskualdekoen eta gutxi finantzatutako garraio publikoaren menpe jarraituko du. Kostuak sozializatzen dira —zergen eta zor publikoaren bidez— eta irabaziak pribatizatzen dira, gutxi batzuek gozatzen dituztenak. AHTa aurrerapen gisa aurkezten da, baina praktikan mugikortasunerako sarbidearen desberdintasunean sakontzen duen proiektua da.

Horregatik bultzatzen da horrenbeste indarrez, nahiz eta zenbakiak bat ez etorri eta bere gizarte onura eztabaidagarria izan. Izan ere, AHTa, ororen gainetik, diru publikoaren transferentzia erraldoia da esku pribatuetara. Beste guztia kontakizuna da.

AHTren eraikuntza ez da soilik aurrekontu edo trazatu kontua: bizitza kontua ere bada. Estatu espainolean gertatu den bezala, horrelako azpiegitura handiak garatu diren lekuan, eredu bera errepikatzen da: konplexutasun tekniko handiko obrak, derrigortutako exekuzio erritmoak eta lan baldintzak degradatzen dituzten azpikontratazio kateak. Errealitate hori propaganda liburuxketatik kanpo geratu ohi da, baina AHTren benetako kostu bat da, eztabaida publikoaren parte ere izan beharko lukeena.

Azken finean, AHTren Aldeko Plataforma ez da eztabaidatzeko sortu, adostasuna fabrikatzeko baizik. Helburua ez da beharrak aztertzea, aldez aurretik hartutako erabaki bat justifikatzea baizik. Gutxi batzuen interesak lehenesten dituen eredu baten atal berri baten aurrean gaude, ongizate kolektiboaren aurrean publikoa negozio bihurtzen duena, eta espoliazioa besterik ez dena, modernitatez mozorrotzen duena.

Nafarroak ez du gutxi batzuentzat trenik behar. Gehiengoarentzat erabilgarria izango den trenbide sistema behar du, zerbitzu publikoetan inbertsioa behar du, eta bizitza, lurraldea eta justizia soziala erdigunean jarriko dituen garapen eredua behar du. Gainerako guztia —AHT ere bai— propaganda da.