Kubaren alde, inoiz baino gehiago
Ez gaude krisi saihestezin baten aurrean, baizik eta menderatze globalaren logikari erantzuten dioten erabaki politikoek eragindako egoera bidegabe eta onartezin baten aurrean. Blokeoa interes hegemonikoekin bat egiten ez duten herrialdeen aurkako presio ekonomiko eta geopolitikoko estrategia zabalago batean txertatzen da, Venezuelaren eta Iranen kasuetan ere agerian geratu den bezala, injerentzian, interbentzionismoan eta zigor kolektiboan oinarritutako nazioarteko harremanen eredua erreproduzituz. Testuinguru horietan guztietan, politika horien benetako kostua biztanleriaren gain erortzen da, eta horrek haien baldintza materialak hondatzen ditu.
Egoera honen aurrean, ELAk bere aldarrikapenak berresten ditu: Kubaren aurkako blokeoa berehala amaitzea exijitzen du, nazioarteko komunitateari dei egiten dio herri kubatarraren egoera arintzeko neurri eraginkorrak har ditzan, eta gobernuei elkartasun aktiboko politikak bultzatzeko eskaria egiten die. Halaber, langile klasearen eskubideak bermatzea eta oinarrizko baliabideetarako sarbidea lehen mailako lehentasunak direla azpimarratzen du.
ELAk duen nazioarteko elkartasunarekiko konpromisoari heldu nahi dio, eta horretarako alde batetik Euskadi-Cuba elkarteak abian jarri duen kanpainarekin bat egin du ELAk, materiala bildu eta Kubara bidaltzeko helburuarekin. ELAk bere militantziari dei egiten dio, ahal den neurrian, material bilketan laguntzeko, bai zuzenean ekarpena eginez, bai ekimena bere inguruan zabalduz. Sindikatuaren egoitza batzuk materiala biltzeko gune izango dira, eta horretarako harrera ordutegia zehaztu da.
Bestalde, laguntza ekonomiko bat emango du ELAk. Pasa den martxoaren 17an Euskal Herrian Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propio baten alde egindako greba orokorraren ondorioz, sindikatuko liberatuei soldata deskontua aplikatu zitzaien eta ELAk halako deskontuak ekimen sozial eta giza laguntzakoetara bideratzen ditu. Oraingo honetan, parte bat Kubako langile klasea laguntzeko izan dadila erabaki du sindikatuak. Zehazki, Euskadi-Cuba elkartearen bidez 20.000 euroko laguntza bideratuko du ELAk, eguzki panelak erosi eta bidaltzeko kanpainan parte hartuz.
Bizi dugun garai hauetan oso beharrezkoa da nazioarteko klase elkartasuna. Gerren sarraskiak eta suntsipenak kasu batzuetan, eta beste modu batez populazioak itotzeko blokeo edo prezioen igoerak bestetan, emaitza sufrimendua da. Horregatik honen erantzuleak salatzen ditugu; bizitzeko behar den oinarrizkoa berma dadila aldarrikatzen dugu; eta neurri txiki batean bada ere, gure elkartasuna helarazten diogu langile klaseari.