Lan segurua ere eskubidea da (Astekaria 132, Editoriala)

2004/04/18

Euskal Herrian langileon arazorik larriena, langabezia eta enplegu-baldintza eskasekin batera, lantokian jasaten dugun arriskua da. Ez da arrisku abstraktua, ez beldur hutsa: Iaz 150 behargin hil ziren, ia lan egindako bi egunetik behin. Honek Europako Batasunean azken postuetan kokatzen gaitu laneko segurtasunari dagokionez.

Bada marka lotsagarri hau atzera uzteko garaia; horixe da laneko segurtasun eta osasunaren egunez, apirilaren 28an, euskal sindikatuok kalean, lantegietan eta hainbat udaletako bilkuretan ozen adierazi nahi dugun kezka, gizarte osoak aintzat hartu behar duen eskaria.

Batetik, sindikatuok erakundeei benetako inplikazioa eskatzen diegu. Zergatik esaten dugu erakundeen jarrera ez dela nahikoa? Batetik, arazoari berari garrantzia kentzen diotelako, sarri ezkutatu, lausotu egin nahi dutelako. Urtea joan, urtea etorri, dozenaka lagun beharrean hiltzea onartu beharrekoa patua bailitzan azaltzen digute.

Administrazioen beste errua laneko osasuna gero eta gehiago erakunde pribatuen esku uztea da, hots, gaixotasun eta istripuen ondorioak ekonomiaren menpe jartzen dituztenei ematea; ez da harritzekoa, halere, asmoa bat baitator osasungintza guztiz pribatu egiteko epe luzeko helburuarekin (lehia eta kostuak guztien gainetik).

Enpresaburuei dagokie, halere, arduraren zatirik handiena; estu hartu behar ditugu lantokietan arriskua dagoenean, edo sor daitekeenean. Hori, administrazioekin batera, langile eta sindikatuoi ere badagokigu: segurtasunari buruzko lege eta araudietako formulazio politak lanpostu bakoitzean egiaztatu beharko ditugu. Baita apirilaren 29an eta ondoren ere.