Lanbidearteko akordioa: txikitik eraikitzen

2018/05/16
Pello Igeregi, Negoziazio Kolektiboko arduraduna
Gai handiak urrats txikiekin hasten dira sarritan. Azken lan-erreformek negoziazio kolektiboaren egitura hankaz gora utzi ondoren, greba orokorrekin batera, ELAk bere eskura zituen baliabide guztiak martxan jarri zituen sorturiko triskantzari aurre egiteko, enpresaz enpresa eta sektorez sektore. Hor kokatzen da Lanbidearteko Akordiora eraman gintuen bidea eta hau defendatzeko borroka.

 

Izan ere, Lanbidearteko Akordioa urrats txiki batzuek hasi zuten, Bizkaiko Ostalaritzako Hitzarmena eta Estatuko Ostalaritza Kolektiboko Hitzarmena erregistratzeko lasterketaren urrats txikiek, hain zuzen. Euskal Herrian eta Madrilen lasterka aritu ginen norberak ahal bezain pronto bere hitzarmena aldizkari ofizialean argitaratu zezan. Lasterketa guk irabazi genuen eta Bizkaiko Hitzarmena bi hilabete lehenago argitaratu zen.

2016 hasieran bi hitzarmenak adostu ziren, eta biek esparru berean zuten eragina: ostalaritza kolektiboan ari diren emakumeengan. Bizkaiko Hitzarmenean aurreikusitako soldatak bikoitzak ziren, hau da, Bizkaiko Hitzarmenaren lan-baldintzak askoz hobeak ziren. FEADRS, CCOO eta UGTk Estatuan sinatutako akordioak bazuen berezitasun bat, beste edozein esparrutan negoziatzea debekatzen zuen; are gehiago, inork negoziatu nahi balu patronal horrek eta Espainiako bi sindikatuek osatutako batzorde paritarioari baimena eskatu beharko lieke, baita ELA eta LABek eremu horretan ordezkaritzaren %80a izanda ere, EAEn gertatzen den bezala. Hau da Negoziazio Kolektiboaren estatalizazioa: lan-baldintza okerragoak eta langileen ordezkaritzaren monopolioa.

FEADRS patronalak Bizkaiko hitzarmena inpugnatu zuen. Langileon erabakitze esparrua defendatzeko urrats berriak eman genituen, eta 2017 hasieran EAEko ostalaritzako patronalarekin eta CONFEBASKekin Ostalaritzako Akordio Markoa adostu genuen ELA eta LABek. Akordio horren arabera negoziazio kolektiboa egituratzen genuen Ostalaritzan eta gure hitzarmenei lehentasuna ematen genien Estatuko Hitzarmenekiko. Akordio horien bueltan Jon Bilbaok, CONFEBASKeko negoziazio kolektiboko arduradunak, ELAri galdetu zion akordio hori bera sektore guztietarako sinatzeko prest zegoen eta ELAk erantzun zion, aurretik eskatu izan zitzaion legez, horrek gatazkari uko egitea ez bazekarren prest zela. Horrela jaio zen Lanbidearteko Akordioa.

CCOO eta UGTk, ordea, FEADRS patronalarekin Ostalaritzako Akordio Markoa inpugnatzea adostu zuten. Baina Auzitegi Nagusiak ez zien nahi zuten epaia eman, eta 2019tik aurrera EAEko hitzarmenek lehentasuna izango zutela adierazi zuen. Orduan FEADRSek karta jokoa aldatzea erabaki zuen, “hordagoa” bota zuen: Lanbidearteko Akordioa inpugnatzea erabaki zuen.

FEADRSen helburua ez da inoiz izan Lanbidearteko Akordioa baliorik gabe uztea, Estatuko Hitzarmenak aurreikusten dituen esplotazio-baldintzak EAEn ere aplikatu ahal izatea baizik. Edonola ere, inpugnazioak EAEko langile guztien lan-baldintzak jarri zituen arriskuan. Gai zehatz batengatik ezarritako inpugnazioak ondorio basatiak izan zitzakeen gure langile guztiengan.

Horregatik erabaki genuen estrategia irabazle bat martxan jartzea. FEADRSek ulertu behar zuen Herri honetan ez zuela ez sindikaturik, ez enpresaririk, ez politikaririk topatuko lan-baldintza horiek aplikatzeko. Gure helburua argia zen, FEADRSek demanda bertan behera uztea eta epaiketarik ez egitea. Eta helburu horri erantzuten zioten ekintzak planifikatu genituen: apirilaren 24an burutu beharreko epaiketa aurretik FEADRSen enpresetan grebak egitea, bezero zituzten enpresen babesa jasotzea FEADRSekin zituzten kontratuak baldintzatuz, eta politikarien konpromisoa jasotzea kontratazio publikoan arazoak izango zituztela argi uzteko.

LABi hau guztia elkarrekin egitea proposatu genion. Gure ustez errakuntza larria zen presioa inpugnazioa egin zuten enpresetatik desbideratzea eta are errakuntza handiagoa mobilizazio errealak epaiketa ondoren burutzea.

Tamalez, ez genuen LABekin adostasunik lortu. Gure planifikazioa bakarrik egin behar izan genuen eta emaitzak izan ditu. Izan ere, eragindako enpresetan greba egiteko asmo argiak eta alderdi zein Eusko Jaurlaritzarengandik jasotako babesak, FEADRS demanda bertan-behera uztera behartu dute. Bizkaiko enpresei Bizkaiko Ostalaritzako Hitzarmeneko lan-baldintzak aplikatzea proposatuko diete enpresa batzorde ezberdinei, eta EAEko eragile sozialen artean negoziatuko ditugu ostalaritza kolektiboko langileen lan-baldintzak etorkizunean, gatazka behin betiko gainditzeko.

Gure ustez, prozesu honek irakasgai argi bat du: sindikatuok errealitatea baldintzatuko badugu esparru errealetan egiten dugun lanaren arabera izango da. Lantokietan gure militantziak sortzen duen borrokarako aukeren arabera jasoko ditugu garaipenak. Bizkaiko Ostalaritzako Hitzarmenaren defentsan ELAko ostalaritza kolektiboko delegatuen lanak eragin du Akordio Interprofesionala izatea eta berau mantentzea. Akordio eta mobilizazio orokorrek ez badute errealitate zehatzekin loturarik ez dute zentzurik izango.

Garaipenak enpresariekin boterea eztabaidatuta bakarrik lortuko ditugu. Sindikatuok soldata arrakalaren konponketa ez dugu ekarriko Legebiltzar aurrean egun batean paratu eta politikariek hartutako erabaki baten baitan. Soldata arrakalarekin amaituko dugu sindikatuok, negoziazio kolektiboan eskaera hori erdigunean jarri eta langileak garaipen hori lortzeko enpresetan greba garrantzitsuak egiteko gaitasuna dugunean. FEADRSen grebarik egin gabe honek ez zuen atzera egingo. ELA prest dago botere lehiaketa horretarako, bide horretan urrats berriak emateko bere antolakuntza, baliabide material eta ekonomikoak eta bere indar guztia jartzeko prest, irabazi ala galdu. Beste inor etortzeko prest badago, badaukagu elkarlanerako abiapuntu sendoa.