Lanbide arteko akordioaren urtebetetzea
Hori da ELAk edozein akordio sinatzerakoan -ala ez sinatzea erabakitzen duenean- neurtzen duen bakarra, alegia, akordio horrek ordezkatzen ditugun langileentzat benetan hobekuntza suposatuko duen edo ez.
Akordio horri beste dimentsiorik eman nahi izan dionik bada, ordea. Guk argi genuen sinadura horrek ez zuela negoziazio kolektiboan sakoneko aldaketarik ekarriko. CONFEBASKek akordio hori sinatzeko arrazoi nagusi bat zuen; bere zilegitasuna kolokan jartzen zeuden beste patronal batzuk azaltzen ari ziren eta horrelako akordio batek sindikatuon aldetik zilegitasun hori jasotzea zekarren. Horregatik kendu zuen ordura arte ELAri inposatu nahi zion bake sozialaren klausula.
Edonola, lanbide arteko akordioa sinatu ondoren EAEko langileak egoera hobean daude, Estatutik, CCOO, UGT eta CONFEBASK afiliaturik dagoen CEOEk sinatutako lan-hitzarmen prekarioetatik askatzeko. Zentzu horretan, ez da harritzekoa CCOO eta UGT sindikatuen jarrera: lanbide arteko akordioaren balioa zalantzan jarri dute. Lanbide arteko akordioa sinatu baino egun gutxi batzuk lehenago, eduki eta zentzu berarekin ELA eta LABek beste akordio bat sinatu genuen Ostalaritzan, eta CCOO eta UGTk inpugnatu egin dute, horrek Kolektibitate alorrean langile berrientzat soldata erdia jasotzea suposa dezakeen arren. Horrek zuzenean erasotzen du lanbide arteko akordioaren muina, alegia, bertoko akordioek lehentasuna izatea, hain zuen. Lanbide arteko akordioaren balio juridikoa ere ezbaian dago. Auzitegi Gorenean jasoko dugu erantzuna.
Urtebete ondoren negoziazio kolektiboaren egoera ez da gehiegi aldatu. CONFEBASKek lanbide arteko akordioa sinatu zuen, bai, baina ez zion uko egin nahi izan lan erreformek langileen lan-baldintzak okertzeko emandako botereari; lehiakortasuna zein dirua irabazteko lan-baldintzen debaluazioak jarraitzen du bere apustu estrategikoa izaten. Gu horretarako ez gaituzte izango.
Negoziazio kolektiboaren desblokeorako momentu honetan guk ez dugu patronalarengan inongo federik, gure fede guztia langileen antolakuntzan sindikatuok eman ditzakegun urratsetan dago. Sindikatuok prest egon behar dugu sektore zein enpresetan langileak antolatu eta grebak martxan jartzeko.
Krisiaren eragin eta aitzakiaz sortutako lan-prekarioa jasaten duten langile askoren pazientzia agortzen ari dela ikusten ari gara. Orain oso gutxi Euskalduna Jauregian Eulen enpresarentzat lanean ari diren langileekin ikusi bezala, lan-baldintzen hobekuntzak arrazoi nagusi bat du, greba, eta greba hori antolatu eta sostengatzeko sindikatua. Bizkaiko zahar-egoitzetako gure militante batek argi esan zuen: “ELAren erresistentzia kutxak aukera eman dit pribatizaturik eta lan-baldintza okerrekin nahi nauen politikariari begietara 370 greba egunez duintasunez begiratzeko”. Duintasun horretan baino ez da aldatuko benetako negoziazio kolektiboaren egoera, beste inongo mahaitan ez da ezer aldatuko.