Landeia, editoriala: Bestelako gizartea helburu

2005/12/02

Landeiaren 129. alearen editoriala

ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek elkarren arteko lankidetza sendo-tzea erabaki dute. Erabaki hau urtetan egindako bidearen jarraipena eta hiru erakundeen elkarlanerako borondatearen emaitza da. Elkarlanean aritzeko hitzarmenak bi oinarri ditu: batetik, gure gaurko herri eta gizartean sindikatuari dagozkion eginkizun eta lan moldeei buruzko adostasuna; bestetik, sindikatu bakoitzaren nortasun eta ezaugarriak aintzat hartzea. Adostutako elkarlanak urrats berri bat izan behar du gizarteak eskatzen duen eredu sozial eta politikorako bidean.

Erantsi behar da egindako hitzarmenak muga nabarmenak dituen arren, egin ahal izan den elkarlanik zabalena izan dela. Ahal izan den elkarlana bultzatzea nahiago izan dute hiru sindikatuek, teorian hobea izanik ere, gaur egun ezinezko dirudien lankidetza zabalagoaren zain egon baino. Lankidetza hasi da dagoeneko fruituak ematen. Hor dago, besteak beste, ELA, ESK eta STEE-EILAS-ek Eusko Jaurlaritzaren gobernu programari aurkeztutako 80 proposamenak. Ekimenak Eusko Jaurlaritzak gobernu programaren atal mingarrienak zuzendu ditzan du helburu. Izan ere, gabezia gordinak ditu gobernu programak, batez ere gizarte gaietan. Irizpide neoliberalei jarraitzen die, merkatuaren menpe uzten ditu zerbitzu publikoak, ez da gai herritarren oinarrizko eskubideak ziurtatzeko eta gizarte politiketan ez du behar adina inbertitzen.

Hiru sindukatuen proposamenak gizartearen alor guztiak barnean biltzen ditu. Hala ere, osasunean eta hezkuntzan gastu publikoa handitzea, lan baldintza duinen aldeko neurriak hartzea edo edozein herritarrek etxebizitza duin bat izateko duen eskubidea bermatzea ezinbesteko neurriak dira. Izan ere, gure gizarteak herritar ororen gutxieneko oinarrizko beharrak asetzeko adina baliabide ditu.

Hain zuzen ere, hor dago lankidetza akordioaren oinarrietako bat. Hirukoa osatzen duten alderdiek (EAJ, EA eta Ezker Batua) behin eta berriz adierazten dutenez, herritarren ongizatea da euren kezka nagusia. Hala ere, gobernu programa aztertuta, argi dago hori gezur hutsa dela. Gaur egun, Jaurlaritza tematuta dago zor publikoa murriztu, gastu publikoa estutu eta aurrekontuetan superabitak lortzearekin, eta ez du behar beste inbertitzen herritarren bizi baldintzetan, batez ere gehien behar duten herritarren artean. Jende askori ukatu egiten zaizkio legeak finkatutako gizarte eskubideak. Politika ekonomikoaren morrontzatik askatu eta pertsonen zerbitzura egoteko aukera hobetsi beharko luke Jaurlaritzak. Eta hori horrela dela bermatzea izango da ELA, ESK eta STEE-EILASen arduretako bat.