Lanean ere, euskaraz
Euskararen erabilera esparru sozio-ekonomikoan eta lan munduan nabarmen txikiagoa da beste eremu batzuetan baino. Euskararen normalizazioaren erronka nagusia eta ezinbestekoa lan harremanetan dago gaur egun, dudarik gabe. Hezkuntza arloan azken urteetan eman diren aurrerapausuek ez dute jarraipenik izan enpresetan. Ikasleak langile bihurtzen direnean inguru erdaldunean murgiltzen dira gehienetan, euskaldunak izan, eta ikasketak euskaraz egin dituzten arren. Izan ere, lan mundua euskalduntzeko ez da nahikoa langileak euskaldunak izatea. Normalizazioaz ari garenean enpresako barne zein kanpo harremanetan euskararen erabilera bermatzeko baldintza egokiak sortzeaz ari gara, euskara lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza izan dadin.
Hizkuntza normalizazioa era horretara aurreikusten duten enpresak oso gutxi dira. Izan ere, enpresa askotan euskararen inguruko klausulak egon badaude, baina oso azalekoak dira. Hil honen hasieran jakitera eman zen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) normalizazio planak bultzatzeko enpresei emandako diru laguntzen kopurua. E.A.E.n 120 enpresa dira bakarrik laguntza hauek jaso dituztenak. Egia da kopuru hau handitzen joan dela, baina zenbakia oso baxua da oraindik
Guztion ardura.
,Egoera honen ardura lan munduan dihardugun eragile guztiona da. Lehenik eta behin, euskal Administrazioen erantzunkizuna aipatu behar dugu, lan mundua euskalduntzeko benetako politika eraginkorrik ez dutelako bultzatu azken urteetan, ahaleginak beste esparru batzuetara bideratu direlarik. Bigarrenik, patronala dago, euskararen aldeko ekimenetatik kanpo egon dena, salbuespenak salbuespen. Enpresariek produktua edo zerbitzua euskaraz ematea ez dute sentitzen balio erantsi edo kalitatea areagotzen duen plus gisa, eta kasu gehienetan, ez dute normalizazio planik bultzatzeko beharrik ikusten.
Sindikatuok ere, noski, geure erantzunkizuna aitortu beharrean gaude gai honetan. ELAri dagokionez, lan munduaren euskalduntzeari heltzeko abiapuntu bezala, etxe barrutik hastea behar beharrezkotzat jo genuen, eta 2004. urtean, euskararen arautegia eta normalizio plana onartu genituen, aurten hirugarren planarekin gaudelarik. Helburua, epe ertainean, ELAren baitan (gure ordezkari eta afiliatuekin dauzkagun harremanak barne) euskara zerbitzu eta lan hizkuntza osoa izatea da.
Kanpora begira, enpresetan hain zuzen, LABekin izan dugun elkarlana aipatu beharrean gaude. Lan munduaren ordua da kanpaina egin genuen, eta 2003 eta 2004. urteetako negoziazio kolektiboko akordio konfederaletan euskararen gaia sartu genuen. Kanpaina hauek ezinbestekoak dira sentsibilizaziorako, geure afiliatu eta ordezkariek ere, kasu askotan, ez baitute euskararen gaia ezinbestekotzat sentitzen, enpresan dauzkaten beste arazo eta gatazka batzuen atzean geratzen delarik. Urte guzti hauetan, ELAko ordezkaritza dagoen enpresetan normalizazio planak bultzatzen saiatu gara, baina lortu ditugun emaitzak xumeak izan direla esan behar dugu. Kontseiluarekin ere elkarlanean gaude, Akordio Soziopolitikoaren sinatzaile bezala.
Urrats garrantzitsua
Joan den astean, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Confebask, Adegi, Cebek eta SEArekin, enpresetan euskara planak bultzatzeko akordioa sinatu berri du. Momentu honetan, eduki antzekoa duen pareko akordio bat lantzen ari gara sindikatuak HPSrekin, hurrengo egunotan plazaratu daitekeena.
Hitzarmen hau, funtsean, enpresetan normalizazio planak bultzatzeko lankidetza akordio bat da, lantokietan gauden eragileokin egina, alde batetik patronalarekin, eta bestetik, sindikatuokin.
Lehenik eta behin esan nahi dugu, Jaurlaritzak horrelako ekimen bat hartzea urrats garrantzitsu eta beharrezko bezala ikusten dugula. Aspalditik ari ginen esparru honetan Administrazioaren parte hartze zuzena eta aktiboa eskatzen. Orain arte gai honetatik kanpo egon den patronala egoteak ere esperantza txiki bat pizten digu, normalizazio planak enpresetan abian jartzeko ezinbestekoa delako zuzendaritzarekin adostasuna izatea.
Plan osoagoa
Bestalde, lan munduaren euskalduntzea zeregin konplexua eta zaila izanik, akordio hau plan integral edo osoago baten barruan kokatu beharko litzatekeela uste dugu, lehen urrats bezala baliagarria iruditzen zaigun arren. Enpresen borondatezkotasun eta parte hartze askea hartzen du abiapuntutzat. Printzipio horrekin ados egonik, ekimen hau haratago doazen beste neurri batzuekin osatu behar delakoan gaude.
Lehenik eta behin, Administrazioaren beraren euskalduntzean urrats eraginkorrak ematearekin, zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko eskubidea bermatze aldera. Esparru pribatuari dagokionez, enpresek zerbitzua edo produktua euskaraz ematea merkatuan lehian aritzeko abantaila bezala ikusi behar dute. Horretarako, beharrezkoa iruditzen zaigu Jaurlaritzaren jardueran euskarari zehar lerroaren izaera aitortzea, gai transbertsala izatea, hain zuzen. Lan munduari dagokionez, HPS aparte, Lan eta Industri sailak ere inplikatzea garrantzitsua da, sail hauek enpresei ematen dizkieten diru laguntzetan ere euskara baloratua izan dadin.
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua garatzen duen 6/2003 Legean jasotzen diren hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea ere eskatzen dugu. Akordioari dagokionez, aurreikusten diren neurriak indarrean jartzeko beharrezkoak diren baliabideak zehaztu eta gehitu egin behar dira.
Elkarlana
Azkenik, lan munduan euskara normalizatzeko, eta euskararen normalizazioan oro har, ezinbestekoa da euskararen inguruan adostasun politiko-sozial zabala lortzea eta hizkuntza politikak eman duenari buruzko eztabaida gizarteratzea. Adostasun politiko honek HPSren politika eta euskalgintzaren arteko lankidetza eskatzen du gure ustez, bakoitza bere esparrutik, eta bakoitzak duen zilegitasun eta arduratik abiatuz, baina zubiak eraikiz. Funtsezkoa da lan munduaren euskalduntzean eragile guztion estrategiak eta planak norabide bakarrean zuzentzea, dinamika osagarriak eta ez kontrajarriak edo paraleloak sortuz.ELAn horretan gaude eta sindikatu nagusi bezala euskararen normalizazioan dagokigun ardura eta konpromisoa berresten ditugu. Lan handia daukagu aurretik. Ekin diezaiogun!
Leire Txakartegi
ELAko euskara eta antolakuntza arturaduna