Langabetuak Aznarren jomugan

2002/05/20

Langabeziagatik eskaintzen diren babes-prestazioak gehiago murriztea, hori da Espainiako Gobernuaren duen erreformaneurrien helburua, egokitzea eta hobekuntza aitzakiatzat harturik. Azken urteotan Madrilgo gobernuek lan merkatuko arauak ukitzen dituzten ia aldioro eskubideren bat kalteturik gertatzen da. Aldaketaren xedea bakarra da, prestazioren bat jasotzen dutenei gerrikoa are gehiago estutzea: eskubidea gauzatzeko baldintzak gogortu egiten zaizkie, susmagarriak bailiran hartzen dituzte, iruzurra ohiko gauza delakoan, eta edozein lan hartzera behartu nahi dituzte.

Inongo arrazoi ekonomikorik ez dago horrelako politika egiteko, hasteko estatu espainolak langabeei babesa emateko duen politika Europa osoko eskasenetakoa baita. Beraz, lanik gabe dagoen orok ez du laguntza jasotzen; arauzko prestazioa –kotizatu dutenena– eta laguntzazkoa jasotzen dutenak batuta ere, erdiei baino gutxiagori ordaintzen die INEMek.

Bestetik, ez dago asmoa justifikatzerik, kontutan izanik estatuko administrazioak langabeziarako jasotzen dituen diruen %40a ez duela xede hortara bideratzen: INEMen kutxak gainezka daude, eta zekenkeriaz gero eta gutxiago eman nahi diete lan merkatutik egoera okerrenean dauden milaka eta milaka herritarrei.

PPren erreformari esker, betikoak izango dira irabazle: enpresariei kaleratzeko aukerak errazten zaizkie, ‘tramitazioko soldata’ desagertaraziaz, eta ‘enplegu egokia’ zer den INEMen esku utzirik eskaintzen dioten ia edozer gauza onartu beharra dauka langabeak: kontratu-mota, iraupena, soldata, lan-baldintzak... Beraz, ugazabak ia edozer zabor eskainita ere, lanik gabe dagoenak bizi nahi badu, onartu beharrean izango da. Biba neoliberalak!